Ronin borroka klubak larunbatean ospatuko du bere 10. urteurrena

Hamarkada bat bete du Ronin borroka klub autogestionatuak eta ondoen dakiten moduan ospatuko dute: borroka egiten. Larunbat goizean erakustaldia eskainiko dute Urkizuko parkean eta gero musikarekin Gaztetxean ospatzen jarraitzeko asmoa zuten, baina Ertzaintzak Gaztetxea desalojatu du eta FREDiY-n egingo dute.
Ronin borroka klubak larunbatean ospatuko du bere 10. urteurrena
2026/05/21 15:00
Ekhi Belar Errasti

Ronin aitzindaria izan zen Eibarren eta inguruetan, ez baitzegoen borroka klub autogestionaturik. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta hori azpimarratzea garrantzitsua dela uste dute kideek. “Ez ginen bat etortzen inguruko gimnasoen ereduarekin. Klubeko kide askok esperientzia txarrak izan zituzten beste gimnasio batzuekin, eta entrenamenduetan edo lehiaketetan elkarrekin ibiltzen ginenez, gure artean berba egin eta gure kabuz gimnasioa martxan jartzea erabaki genuen”, azaldu digute.

Sasoi horretan, euretako batzuk lehiaketetan aritzen ziren, baina entrenatzeko Donostiara joan behar ziren, hemengo gimnasioek ez zituztelako ateak irekitzen domeketan. “Gaur egun badago aukera, baina sasoi horretan ez”, dioskue, “eta horregatik, gimnasioen eredua gustatzen ez zitzaigunez, klubari Ronin izena jartzea erabaki genuen, Ronin jabe-feudalik gabeko samuraia delako eta, libre denez, bere bidea jarraitzen duelako”.

Elkartea sortu zuten gehienak arte martzial tradizionalen mundutik zetozen, eta bushidoaren arauak eta errespetua ekartzea berebizikoa zela pentsatu zuten, hau da, arte martziala bizimodu bezala. Horregatik, kirol elkarteaz gain, kulturala ere bada.

 

Adiskidetasuna sustatzen

Roninek bidea egin du hamar urte hauetan eta gaur egun 30 bazkide baino gehiago ditu, “baina beti gustatzen zaigu bazkideek familiakoak edo lagunak ekartzea”, azpimarratu digute. Izan ere, oso izaera lagunkoia du klubak. “Jendeak lagun asko egin ditu klubean eta harreman batzuk konpondu dira. Adibidez, batzuen kuadrillek elkarren arteko harreman txarra zuten eta Roninen elkarrekin aritzean adiskidetu egin dira. Horretarako, asko laguntzen dute elkarrekin egiten ditugun ekintzak, afariak eta horrelakoak”.

Kick-boxingeko eta MMA klaseak ematen dituzte astean birritan, baina elkarteak bazkideak dituenez, ia egun osoan zehar egoten da jendea bertan. “Euren artean geratzen dira borrokak egiteko edo dena delako ariketak, klaseen ordutegitik kanpo”, dioskue.

 

Borrokak eta kontzertuak

Roninen hamargarren urteurrena ospatzeko egitaraua 11:00etan hasiko, Urkizuko parkean, boxeo, kickboxing, MMA eta jiu-jitsu ikuskizunarekin. “Lehendabizi, entrenamendua egingo dugu jendeak ikusteko nolakoa den horrelako arte martzialetako entrenamendu bat, gero teknika batzuk egingo ditugu jende guztiarentzako eta, amaitzeko, gure artean borroka batzuk egingo ditugu”, dioskue.



Hori guztia Ronineko kideek egingo dute, “orain dela hamar urte hasi zirenak eta poliki-poliki sartzen joan direnak, gimnasioan jende anitza eta denetarik dagoela eta denetarik egiten dugula ikusteko. Hau da, ez garela arte martzial batera mugatzen, baizik eta diziplina asko jorratzen ditugula”.

Borroken ondoren, 17:00etan, Gaztetxean pintxada eta kontzertuak egiteko asmoak dituzten, baina Ertzaintzak Gaztetxea desalojatu du eta FREDiY-n egingo dute.

Aipatu behar da, Gaztetxean ateratzen duten diru guztia ’12 plataforma’-ra bideratu behar zutela. “Faxismoaren aurrean, gure baloreekin bat egiten duelako. Urriaren 12an espainiar faxismoari aurre egiteagatik isuna jaso zutenei eta auziperatu zituztenei laguntzeko izango da dirua”, azaldu digute.