Rotxabikes taldeko Aitor Matarentzat izan zen kadete mailako lasterketa
Domeka goizean jokatutako kadete mailako Eibarko Txirrindulari Elkartearen izena daraman VIII. edizioan, Aitor Mata irabazlea bakarrik helmugaratu zen, 1h35’28’’ko denborarekin, tropel nagusiari 21 segundoko tartea aterata. Tropel horri Sakana Group Alako Ekai Erdoziak eta Loiumat-PG-ko Aimar Azkorrak eman zioten denbora, bi horiek lagunduz Aitor Matari podiumean. Horrela, irabazlearen Rotxabikesentzat izan zen taldekako sailkapena, berak ateratako tarteari esker. Debabarrenako lehenengo ordezkaria Besa-Laboral Kutxako Xabier Barrueta izan zen.
182 txirrindularik hartu zuten parte Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako egutegiko bere hirugarren lasterketan, guztira 68 kilometroko distantzia betetzeko. Ihesaldi-saioak izan ziren tartean, bat bera ere ez erabatekoa Osintxura heldu arte; hor jo zuen aurrera irabazleak eta ondo eutsi zion irekitako aldeari Urkizuko helmugara arte. Bere batazbestekoa orduko 42,74 kilometrokoa izan zen. 118 txirrindularik amaitu zuten proba.