Ruiz de Galarreta Kopako txapeldun Athleticekin

Bilbotarrek 25. Kopa eskuratu dute Mallorcari penaltietan irabazi ondoren
Ruiz de Galarreta Kopako txapeldun Athleticekin
2024/04/08 16:47
eta kitto!

Zapatu gaua nekez ahaztuko du Iñigo Ruiz de Galarretak, Athleticekin Kopa eskuratu baitu Mallorcari finalean irabazi ostean. Bilboko taldearen harrobian hazi ondoren, eibartarrak taldea laga behar izan zuen orain dela zenbait urte eta, lesio garrantzitsuak izan ostean, aurten iritsi da berriz Bilbora. Orain, denboraldi osoan zehar maila ikusgarria erakutsi ondoren, goia ukitu du Athleticekin Kopa irabaziz.

Ruiz de Galarretak partidu bikaina jokatu zuen. Zelai erdiaren jabe egin zen eta baloiarekin trebe ibiltzeaz gain, partiduaren erritmoa ezarri zuen eta gola sartzeko zenbait aukera izan zituen.

Athleticentzat zorioneko amaiera izan bazuen ere, partidua ez zen batere erraza izan bilbotarrentzat. Mallorcak markagailua ireki zuen 21. minutuan sartutako golari esker eta Bilbokoei asko kostatu zitzaien berdinketa lortzea. Ostera, 50. minutuan Sancetek balearren atea zulatu zuen eta gero, luzapena berdinduta amaitu ondoren, penaltietan zurigorriak gailendu ziren.