Sagardo Egunean koko-jantziak umeendako eta Gabonetako otarrerako boletoak
Datorren zapatuan egingo den Sagardo Egunean egongo da berritasunik. Iazkoari jarraituta, herriko txikienendago jokoak izango ditugu, altxorraren bila, hain zuzen ere; baina, horrez gain, umeek koko-jazteko aukera ere izango dute eta begiraleek lagunduta, egun horretarako mozorro berezia izango dute. 12.30etan hasiko dugu umeendako egitaraua, udaletxearen inguruan izango den erakusketaren txokoan.
Gabonetako otarrerako boletoak salgai
2013an ez da izango Gabonetako loteriarik ...eta kitto!ren izenean. Proiektu berria ipini dugu martxan. El Corte Inglesekin elkarlanean 2.000 euroko balioa duen otarra zozketatuko dugu abenduaren 18an; hau da, aurten Gabonetako otar berezia zozketatuko du ...eta kitto! Euskara Elkarteak.
Asmo berri hau herriari eskura jartzeko egun aproposa nahi zuela eta, ...eta kitto!k Sagardo Eguna aukeratu du. Egun horretan bertan salduko ditugu lehenengo boletoak, euro baten. Kontuan izan 2.000 euroko otar batek eskaintzen duen aukera, benetan izugarria izango da-eta.
12.00etan Untzagan
Goiz eta arratsaldez ospatzen dugun bosgarren Sagardo Eguna izango da aurtengoa. Gorenak sagardotegiekin elkarlanean antolatutako ekitaldian hamairu sagardotegiak probatzeko aukera izango dugu. Sei euroren trukean, edalontzia, zapia, pintxoa eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Tikeak eguerdiko 12etan hasiko gara saltzen; txotx-a egin, irrintzia bota eta eguerdiko 14.30etan itxiko dugu tikea erosteko aukera.
Baina aurreko urteetan moduan, arratsaldean ere giro ezinhobea izango dugu Untzagan. 19.00etan hasi eta sagardoa amaitu artean, sagardoa dastatzeko aukera handia izango dugu herri erdian. Etorri eta egin txotx gurekin.