Sagardui eta Gaminde garaile Astelena frontoian jokatutako finalean

Bikote gaztea 22-17 gailendu zitzaion igandean Arrizabalaga eta Bergarari
2026/03/23 12:45
Ekhi Belar Errasti

Joan den igandean, martxoak 22, Emakume Master Cup zirkuituko binakako txapelketaren finala jokatu zen Astelena frontoian eta Alize Sagardui eta Enara Gamindek jantzi zuten txapela. Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara izan zituzten aurrean, orain arteko partida guztiak irabaziak zituen bikotea, eta 22-17 gailendu zitzaien, etorkizuna euren eskuetan dagoela erakutsita.

Sagarduik, 14 urterekin, historia egin du, maila horretako finalean heldutasuna erakutsiz. 19 urte dituen Gamindek, bere aldetik, egungo pilotaririk ahaltsuena dela erakutsi zuen, bere kolekziora beste txapel bat gehituz.

Hasieran Arrizabalagak eta Bergarak aurrea hartu zuten arren, berehala irauli zuten markagailua Sagarduik eta Gamindek. Txapeldunek 20-10 hartu zuten aurrea, baina Arrizabalagak neurketaren amaieran ekimena hartu eta estu hartu zituen arerioak, 21-17 jarriz, baina Sagarduik dejada batekin amaitu zuen partida.

Horrela, final zirraragarria bizi izan zen Astelenan, publikoak harmailak bete zituelarik pilotaren festa handian.

 

(Argazkiak: Pedro Elizondo)