Sagartegieta, Untzueta Jauregia eta Industrias Rocandio eraikinak birtualki ikus daitezke
Horrela, Sagartegieta, Untzueta Jauregia eta Industrias Rocandio eraikinak birtualki ikusteko aukera ipini du eskuragarri Ego Ibarrak, bere webgunean, eraikin bakoitzari buruzko informazioarekin lagunduta. Gaur egun La Salle-Azitain ikastetxearen egoitza den Untzueta jauregia, estilo barrokoko eta jauregi-jatorriko eraikina da, XVII. mendekoa. Ondasun kalifikatua (1964-02-29ko BOE) da, A mailako babes bereziko erregimenarekin. Eibarko Maltzaga auzoko muino batean kokatua dagoen Sagartegieta jauregia XVIII. mendean eraikitako estilo barrokoko eraikin zibila da, jabetza pribatukoa. Eraikina aurri egoeran dago eta kalifikatuta dago (1980-11-29ko EAO). Eta Txontako Industrias Rocandio SL XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina da. Gaur egun kontserbazio-egoera txarrean badago ere, batzordearen arabera “herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituen tailerra da”.