San Andres jaietarako egitaraua aurkeztu du Udalak
Gaur goizean udaletxean eman duten prentsaurrekoan aurkeztu dute autengo San Andres jaiak ospatzeko programa Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez Poxpolo Kultura teknikariak. Azaldu dutenez, azaroaren 15etik aurrera gastronomia-lehiaketak, musika eta kirola izango dira protagonista Eibarren, San Andres egunaren aurretik ere jai-giroan murgiltzen hasteko. Beste ezer baino lehen, alkateak eskerrak eman dizkie Eibarko Udalak antolatzen duen jai-egitaraua osatzen laguntzen duten herriko talde eta kolektiboei.
Jarduerak azaroaren 15ean hasiko dira, Bakailaoaren XXI. Eskola arteko Lehiaketarekin eta Bacalaos Alcorta Pintxoen VII. Lehiaketarekin. Errebal Plazan bilduko dira sukaldari gazteak eta Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko chef onenak, 12:00etatik 14:00etara. Patxi Lejardi zinegotziaren berbetan, “Eibarrek kalitatezko lehiaketetan erreferente izaten jarrai dezala nahi dugu”, eta eskerrak eman dizkie lehiaketa posible egiten duten babesleei: Bacalaos Alkorta, Aceites Urzante, Inoxibar, Igartza, Ederto, Mekahotel, Comercial Zabala eta Solera Eibarresari.
Azaroaren 22an, berriz, Txistorra Egunaren XXI. edizioa egingo da, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Untzaga plazan txistorra-pintxoak salduko dituzte, eta egunean zehar musika eta kirol emanaldiak egongo dira. Eta hurrengo egunean, azaroak 23, San Andres Sari Nagusia Bakailao Lehiaketaren XXXI. edizioa egingo da Untzagan.
San Andres Bertso Jaialdia
Azaroaren 28an, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen XXIX. Bertso Jaialdia egingo da Coliseo antzokian, 20:00etan. Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Joanes Illarregi, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga bertsolariek hartuko dute parte, eta gai-jartzailea Mikel Arrillaga izango da. San Andres Bertso Paper lehiaketako sariak ere bertan banatuko dituzte, jaialdia hasi baino lehen. Sarrerak 8 euro balio du eta lehiatilan erosi ahalko da, egunean bertan.
Azaroaren 29a San Andres bezpera izanik, musikaz eta jai-giroz betetako eguna izango dela aurreratu dute: 17:00etan Ustekabe Txaranga erdiguneko kaleak musikarekin alaitzen ibiliko da, 19:00ak arte. Jarraian, 19:30ean, Zutik taldearen erromeria hartuko du Untzaga plazak, 22:00ak arte. Eta, Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak antolatuta, 22:30ean hasiko da Sustraia taldearen kontzertua, Untzagan.
Gauean, halaber, informazio- eta prebentzio-guneak egongo dira 00:00etatik 02:00etara. Ai Laket programak substantzien testing-zerbitzua eskainiko du Untzagan; ordutegi berean, Garaiak informazio-puntuak aisialdiari eta kontsumo arduratsuari buruzko gaiak jorratuko ditu; eta 00:00etatik 03:00etara, Sexubizi programak espazio mugikor bat izango du, genero-erasoen aurrean informazioa, aholkularitza eta babesa emateko.
San Andres eguna
Azaroaren 30ean, San Andres Egunean, XLVI. Nekazaritza Azoka ospatuko da 9:30etik aurrera. Horrez gain, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du (11:30ean) eta 12:00etan Aizkolari Txapelketa hasiko da, goi-mailako aizkolariekin: azaroaren hasieran Azkoitian jokatutako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako txapelduna eta txapeldun-ordea, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta arituko dira, Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Jose Mari Mujika beteranoekin batera. Gainera, Enara (7 urte) eta Aratz (11 urte) haurrek erakustaldia egingo dute.
Bertsolari eta trikitilariek saioa ere eguerdian hasiko da, eta ondoren erromeria herrikoia egingo da, Kezka Dantza Taldearekin eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Bazkal-aurretik, pintxo eta kartel-lehiaketen eta nekazaritza-azokaren sariak banatuko dira.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Euskadiko abere-azoka guztiak azaroaren 30era arte bertan behera lagatzeko erabakiaren ondorioz, aurten ez da abererik egongo. Azaldu dutenez, “pena da abere-azokarik ez egotea, San Andres eguneko irudi tipikoenetako bat izaten da-eta. Hala ere, uste dugu osasunak eta prebentzioak gauza guztien gainetik egon behar dutela. Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek debekatu egin dituzte halako azoka guztiak, osasun arrazoiengatik. Aurten, beraz, abererik gabe pasatu beharko ditugu sanandresak”.
Kartel lehiaketako irabazlea
Eibarko Udalak antolatzen duen "Sanandresak Eibarren" kartel-lehiaketako irabazleak ere eman dituzte ezagutzera: helduen kategorian, Molina de Segurako (Murtzia) Victoria de Arce Guerrerrok irabazi du lehen saria eta, beraz, bere kartelak iragarriko ditu sanandresak. Haurren artean, berriz, Lennon Franko Martinez (15 urte) eta Anas Jebari Benslaiman (9 urte) saritu ditu epaimahaiak (Natalie Garrido, Iratxe Barruetabeña, Ane Ferrer eta Leire Kareaga).