San Andres Pasealekuko eraisketak galarazten zutenekin adostasuna lortzear
San Andres pasealekuko 4. eta 5. zenbakien eraisketa behin eta berriz atzeratzen ari dela eta, orain dela egun batzuk Eibarko EAJ-PNVk gogor kritikatu zuen udalak gai horretan izaten ari den jokabidea eta, mozioa erregistratuta, arazoari konponbidea lehenbailehen emateko eskatu zuten jeltzaleek. Gauzak horrela, adierazpen horien harira prentsaurrekoa eman du gaur (eguaztena, hilak 22) Miguel de los Toyos alkateak, gauzak argitze aldera. Alkateak azaldu duenez, "atzerapena lau etxetan bizi diren familiak bertatik irtetzeko dauzkaten arazoak eragin dituzte, nora joan ez dute eta. Bizilagunek eurek eskatuta, udala arazoari konponbidea ematen ahalegindu da, beti ere familia horiek indarrez ateratzea saihesteko irtenbide bila. Atzo bertan pegora bietako bizilagunekin bilera egin genuen, 40 bat lagun elkartu ginen eta badirudi lau familia horiek onartzeko moduko tratua eskaintzea lortu dugula: hiru familiari bost urterako alokairu sozialeko etxeak bilatu zaizkio eta laugarrenaren kasuan, berriz, promotorarekin adostasuna lortzeko modurik ez denez egon, bien bitartean eta prozesua desblokeatzeko, udalak berak etxea erostea erabaki du. Erantzuteko astebeteko epea eman zaie eta, lau familiak etxetik irtetzea onartzen duten momentuan, eraisketak egiteko ardura berriz bizilagunena izango da".