San Isidro Eguna ospatuko dute bihar Arraten

Goizean hasi eta arratsaldean amaituko den egitaraua prestatu dute
San Isidro Eguna ospatuko dute bihar Arraten
2024/05/14 10:35
eta kitto!

Urterokoari jarraituz, bihar hilaren 15a San Isidro baserritarren patroiaren Egunaren ospakizunak izango dira Arraten, eskualdeko baserritarrentzat prestatutakoak.

Goizean izango dira ekitaldi nagusienak, 11:00etan bertsolari eta trikitilarien parte-hartzeaz ospatuko den mezarekin abiatuko direnak.

Jarraian prozesioa eta aurreskua egingo dira, Kezka Dantza Taldekoen eskutik.

Eguerditik aurrera Debabarreneko produktuen dastaketa eta herri-kirolen txanda izango da; azken horretan aizkolarien txapelketak izango du punturik gorena, baina harrijasotzaileen saioa ere izango da.

Baserritarrentzat antolatutako bazkaria ere ez da faltako aurten ere: 14:30ean izango da eta, bazkalostea girotzeko, ondoren bertsolariak eta trikitilariak izango dira.

Amaitzeko, betiko lez, 17:30etik aurrera idi-demak egingo dira probalekuan.