San Juan egunean Astelenan jokatuko den pilota jaialdia aurkeztu dute

San Juan egunean Astelenan jokatuko den pilota jaialdia aurkeztu dute
2023/06/20 12:03
eta kitto!
Domekan Astelenan jokatuko den San Juan eguneko pilota jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Jon Iraola alkateak, Iñaxio Errandonea ASPE enpresako zuzendari komertzialak eta Aitor Elordi buruz buruko txapeldunak. Arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdian hiru partida jokatuko dira eta, buruz buruko partida nagusian, Aitor Elordi eta Elezkano II.a lehiatuko dira. Eta, binakako beste bi partidetan, Egiguren V.a eta Rezusta arituko dira Mata eta Zabaletaren aurka, eta Victor eta Arbizu Exposito eta Bikuñaren aurka.

Ekitaldiaren aurkezpenean, alkateak eskerrak eman dizkio pilota jaialdia antolatu duen ASPE enpresari, “egindako ahaleginari esker, berriz ere, Eibarren une honetako pilotaririk onenak elkartuko direlako, eibarrentzat hain bereziak diren egunetan”. Iñaxio Errandonea zuzendari komertzialaren berbetan, “gure helburua kirol-hitzordu hori sanjuanetako programazioan sartzea da, herritarrek jaietako parte gisa senti dezaten. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu partidu honetara bertaratu eta jai giroaz gozatzen jarraitzera”.