San Juan pilota torneoko finalak jokatuko dira barixakuan Astelenan

Jaialdi horrekin esango diote agur denboraldiari Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordekoek
San Juan pilota torneoko finalak jokatuko dira barixakuan Astelenan
2025/06/18 11:24
eta kitto!

Urtero bezala, jaialdi horrekin esango diote agur denboraldiari Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordekoek. Jaialdia arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta bertan torneoan parte hartu duten ume, gazte eta helduen mailetako finalak izango dira jokoan. Jaialdia bete-betea dator, aurrebenjamin eta benjamin mailetako partiduekin hasi (16 tantora jokatuko dute, pilota goxuarekin) eta alebin eta infantil mailakoekin jarraitzeko (horiek 18 tantotara arituko dira, pilota gogoarrerekin); ondoren hiru finalak jokatuko dira, lehen esan bezala, kadete, jubenil eta helduen mailako partiduekin, guztiak 22 tantora.

Baserriko produktuen otar ederra zozketatuko da, piskolabisa eta sari banaketa amaieran. Antolatzaileek babesleen laguntza eskertu nahi izan dute: Mugika harategia, Banaka taberna, Talleres Caño, Katu Kale taberna, Zelai Bide taberna, Avia Acitain gasolindegia, Or-Ondo taberna, Xania taberna, Sociedad de Tiro a Vuelo Eibar eta Kopyprest, Eibarko Udalarekin batera.

Horrela amaitzen da ikasturtea eta federatuen denboraldia. Gaztetxoenek merezitako oporrak izango dituzte eta federatuek, berriz, eskuei atsedena emateko aukera izango dute, batzuk torneo pribaturen batean parte hartu badezakete ere. Irailean berriz ere indarberrituta hasiko dute guztiek denboraldi berria.