San Juan Txapelketako finalekin emango zaio amaiera denboraldiari Klub Deportiboko pilotariek
Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordeak San Juan Txapelketako finalak antolatu ditu ostiral arratsalderako, Astelena frontoian. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta lau partida jokatuko dira guztira, pilota eskolako gaztetxoen protagonismoarekin.
Lehen neurketan, benjamin mailan, Berat Lamarain eta Ekhi Larrañaga ariko dira Juan Echaluce eta Hegoi Mujikaren aurka. Ondoren, benjaminen beste final bat jokatuko da: Telmo Beltran eta Eder Cordón bikoteak Suhar Jauregi eta Oier Zuazua izango ditu aurkari.
Hirugarren partidan alebin eta infantil mailako pilotariak ariko dira nor baino nor. Gerriko gorriarekin Telmo Agote eta Aratz Andonegi arituko dira, eta gerriko urdinez, berriz, Ibai Atxa eta Alex Saez.
Jaialdia amaitzeko, jubenil mailako partida izango da ikusgai. Alde batean Xuban Varona eta Ugaitz Segurola ariko dira, eta bestean Aratz Amillategi eta Aleix del Rey.
Finalekin batera, arratsaldeak bestelako ekitaldiak ere izango ditu. Azken partidaren ostean otarra baten zozketa egingo da eta jarraian familien arteko anaitasun-afari merienda ospatuko dute frontoian bertan, pilota eskolaren 2025-2026 ikasturteari amaiera emateko.