San Kristobal kalea asfaltatzeko obrak egingo dituzte gaurtik eguaztenera
San Kristobal kalearen bidezorua hobetzeko lanak egingo dituzte gaur, irailak 14, hasi eta eguaztena, irailak 16, bitartean. Udalak adierazi duenez, obra herriko hainbat kaletako bidezorua hobetzeko proiektuaren barruan dago, eta guztira 199.380,50 euroko inbertsioa izango du.
Lanen ondorioz, astelehenetik eguaztenera San Kristobal kalea ibilgailuentzat itxita egongo da, eta ezin izango da bertan aparkatu. Alternatiba gisa, Txantxazelai egokitu du Udalak, «aparkatzea errazteko eta, ahal den neurrian, jardueraren ondoriozko afekzioak minimizatzeko».
San Kristobalez gain, Urki eta Polonia Etxeberria kaleetako bidezorua ere asfaltatuko du Udalak. Lan horiek iraileko azken asteburuan egingo dituzte, eta, horrela, proiektuan jasotako esku-hartzeak amaituko dituzte.
Obrek 199.380,50 euroko aurrekontua dute, BEZa barne, eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio handia duten eremuetako bidezoruen egoera hobetzea dute helburu. Udalaren arabera, «esku-hartzeek segurtasuna, erosotasuna eta hiri-espazioaren kalitatea handitzea ahalbidetuko dute, baita kale horietako joan-etorrien eta zirkulazioaren baldintzak hobetzea ere».