San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urkiko zorua berritzeko lanen berri eman du Udalak
Eibarko Udalak jakinarazi du aurrera doazela San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urki auzoetako bide-zorua berritzeko lanak. Jarduketaren bidez, 4.500 metro karratu baino gehiago asfaltatuko dituzte hiru gunetan: Sostoatarren eta Ubitxa kaleen arteko bidegurutzean, Polonia Etxeberria kaleko 24. atariaren eta Antonio Iturrioz kalearen arteko tartean, eta Urki auzoko 21. eta 23. atarien inguruan.
Lanen aurrekontua 199.380,50 eurokoa da, BEZa barne. Udalaren arabera, jarduketaren helburua da oinezko eta ibilgailu ugari ibiltzen diren guneetako zoladuraren egoera hobetzea, segurtasuna eta erosotasuna handitzearekin batera espazio publikoaren kalitatea ere hobetzeko.
Asfaltatze lanak esleitzeko lizitazioa argitaratu ondoren, hainbat enpresak aurkeztu dituzte beren proposamenak. Une honetan, Udaleko zerbitzu teknikoak eskaintzak aztertzen ari dira. Balorazio prozesua amaitutakoan esleituko dituzte lanak, eta ondoren hasiko dira obrak.