San Silbestre 2025. urtea amaitzeko eta Urkora igoera 2026.a hasteko
Eibarko Klub Deportiboak 2025. urteari agur eta 2026.ari kaixo kirola eginez esateko planak antolatu dizkigu. Batetik, abenduaren 31an, eta azken urteotako ohiturari jarraituz, San Silbeste lasterketa 13:00etan hasiko da, ...eta kitto!-k Coliseo antzokian antolatzen duen Eibarko Kirol Sarien ekitaldiaren ondoren.
Irteera Errebalen egongo da eta antolatzaileek bi aukera ematen dituzte: bata oinez, Errebaletik Untzagara, gero Urkizura eta handik Untzagara; eta bestea korrika, zirkuituari bi buelta emanez (5 km), lehenengo 4,5 km-ak elkarrekin eginez eta azkenengo 500 metroak libre.
Bi ibilbideak Untzagan amaituko dira eta kirola egin ondoren dantza egiteko aukera egongo da Jainaga eta Narbaizaren erromeriarekin.
Urkora igoera
Hurrengo egunean, 2026ari hasiera emateko, Urkora taldean igotzea proposatzen du Deporrek. Irteera 09:00etan egingo dute Depor paretik eta Itzio, Arrajola, Aritxulueta, Elorretagana eta Ameztiburu pasa ondoren, 10:30ean talde-argazkia egin nahi dute Urko puntan.
Ordu horretan igo nahi edo ezin badu inork, egunean zehar Urkora beste momentu batean igotzeko gonbitea egiten dute Deporrekoek beste hainbat ibilbide erabiliz. Hori bai, ohartarazten dute Urkora igotzeko bide guztietan lokatza dagoela eta kontuan edukitzeko oinetakoak aukeratzeko orduan.