Bineta Mbaye, Sanferminek Eibarrera ekarri zuten senegaldarra

Bineta Mbaye, Sanferminek Eibarrera ekarri zuten senegaldarra
2018/05/25 08:24
eta kitto!
Afrikaren Eguna da gaur, maiatzaren 25a. Afrikako estatuak batu eta elkartu, afrikar herrialdeei bizi-baldintza hobeak eskaini, euren subiranotasun eta lurraldetasunaren alde egin, eta kolonialismoa ezabatu eta nazioarteko lankidetza bultzatzea helburu zuen Afrikako Batasunerako Erakundearen sortzea gogoratzen da egun honetan. Ospatzeko eguna da, beraz, Bineta Mbaye Cisserentzat, Senegalen jaio baitzen.

 

Dakar, hiri berezia

Afrikako hiririk mendebaldekoena da Dakar, Senegalgo hiriburua. Amerika eta Europa arteko itsas-trafikorako kokapen aparta dauka eta historia laburra badu ere, garrantzi handiko hiria izan da. 1.100.000 biztanle inguru bizi dira bertan eta han jaio zen Bineta. “Hiri berezia da”, bere esanetan. Familia osoarekin bizi zen han. “Aitxitxa-amamak, osaba-izebak, anai-arrebak... denak elkarrekin bizi ginen”, hamalau pertsona etxe berean. “Ez ginen aspertzen”.

 

Iruñera bere borondatearen kontra

Bineta eskolara joaten zen eta bere bizitza Senegalen zeukan, baina aitak beste plan batzuk zituen. Senegal utzi eta Iruñera lanera etorri zen aspaldi bere aita, eta urte batzuk geroago Bineta ekarri zuen. Senegalen hemengo Batxilergoaren antzekoa ikasten ari zela ikasketak utzi behar izan zituen Binetak Iruñera etortzeko. Berak ez zuen nahi. “Nire esku balego, ez nintzateke etorriko”. 19 urterekin bere bizitza atzean utzi eta Euskal Herrira iritsi zen. “Horrelakoa da bizitza eta edozein egoeratara egokitu behar zara”.

 

Bizimodu berria bereganatuz

Iruñea eta Dakar ez dira gauza bera. “Gainera, familiarekin berba egiten nuen bakoitzean negar egiten nuen”. Gogorrak egin zitzaizkion lehen momentuak. “Ez nekien noiz bueltatuko nintzen, baina nire kasuan, zorionez, hainbat alditan bueltatu ahal izan naiz”. Bere herrialdeari oso lotuta dago Bineta, baina berak esan bezala, egoera berrira egokitu da eta Euskal Herriko ohiturak bereganatu ditu. “Senegaleko eta hemengo bizimoduak zeharo ezberdinak dira. Ez ditut hango ohiturak ahaztuko, baina hemen gauza asko ikasi eta ikuspuntu berriak aurkitu ditut”.

 

Seme eibartarrak

Iruñean ondo bizi zen Bineta, baina gaur egun bere semeen aita dena ezagutu zuen Sanferminetan eta Eibarrera bidean jarri zen. “Bera ere senegaldarra da eta Eibarren bizi zen”. Autobus ordu asko pasa zituen maitasun istorioa aurrera zihoan neurrian, baina haurdun geratu eta Eibarrera bizitzera etortzea erabaki zuen Binetak. 2014an Mohamed txikia jaio zen eta orain dela hamar hilabete etorri zen mundura Rashid. “Hemen oso ondo nago, lagunak egin ditut eta ondo moldatzen naiz eibartarrekin”.

 

Euskeraz eguaztenero

Frantsesa da Senegalgo hizkuntza ofiziala, baina wolofera da herrialdeko hizkuntza nagusia. Binetak woloferaz egiten du, eta Euskal Herrian bizi denetik gazteleraz eta euskeraz egiten ikasi du. Gaztelerez bikain egiten badu ere, euskerarekin ez da ausartzen. “Ea noiz egiten dudan ondo euskaraz, oso zaila da!”. Ongietorri Berbetan egitasmoan parte hartzen du eta euskara ikasi eta praktikatzen du eguaztenero. “Poliki-poliki noa, ikasteko gogoa edukitzea da gakoa eta nik badaukat”. Bitartean, Mohamed semearekin eskolan ikasitakoarekin praktikatzen du.

 

 

Ben loho dou tatiou (Woloferaz)

Esku batekin ezin da txalo egin