Sanjuanetako bi danborradak aurkeztu dituzte antolatzaileek

Helduen danborradaren ibilbidea aldatu dute, Arraguetako lanengatik. Eta umeen danborrada Errebaletik hasiko da, Urkizutik irten beharrean.
Sanjuanetako bi danborradak aurkeztu dituzte antolatzaileek
2026/06/16 21:26
Silbia Hernandez Arrazola

Gaur aurkeztu dituzte sanjuanetako bi danborradak antolatzaileek, Izarra elkarte gastronomikoan egin den afari-meriendan. Eibarko Danborradako ordezkariek adierazi dutenez, datorren urtean 100 urte beteko ditu eta, hori dela eta, zerbait berezia egitea gustatuko litzaiekeela aurreratu dute. Helduen danborrada, betiko moduan, ekainaren 23an, San Juan bezperan irtengo da eta, azken urteotan bezala, 22:00etan abiatuko da, Untzagatik. Urkizurainoko ibilbidea beteko du, baina aurten, Arraguetako lanak direla eta, Bidebarrietatik igoko dira. Bestela, ez da aldaketarik egongo ibilbidean. Untzagara buelta, berriz, gauerdirako egitea aurreikusi dute, Diana eta San Juan Himnoa jo eta gero, bertan amaitzeko. 

Goi Argi elkartekoak joango dira karrozan
Esan dutenez, aspaldiko parte-hartzerik handiena izango du aurten helduen danborradak: 140 bat gaztek izena eman dute eta, horri esker, 300 bat lagunek hartuko dute parte, betiko doinuak eskaintzeko. Eta Eibarko Danborradaren karrozan, aurten 75 urte bete dituen Goi Argi emakumeen elkartekoak joango dira, omendu gisa. Karrozaren apainketa-lanak Eibarko Udal Margo Eskolako irakasleek, Ana Ferrerek eta Leire Kareagak egin dute, Udal brigadako langileekin batera. Eta Danborradaren pin-a Leire Kareagak diseinatu du, hori ere Goi Argi elkartearen omenez.

Haurren Danborrada Errebalen hasiko da
Haurren danborradan, berriz, kontrakoa ari da gertatzen: urtetik urtera, geroz eta ume gutxiagok ematen dute izena eta aurten ehun ume inguruk hartuko dute parte. Ekainaren 24an, San Juan egunean irtengo dira, 19:00etan, baina azken orduko erabaki bat tarteko, ez dira Urkizutik abiatuko, Errebaletik baino: “Egun horretan bero handia egiten duela kontuan hartuta, eta aurten entseguak lehen aldiz Errebalen egin direnez, bertatik hasiko gara, horrela haurrentzat ibilbidea horren luzea ez egiteko, eta bero larregi ez pasatzeko”.