Sanjuanetako kartel eta pegatina irabazleak aukeratu dituzte

Sanjuanetako kartel eta pegatina irabazleak aukeratu dituzte
2014/05/19 00:00
eta kitto!


San Juan jaien inguruan antolatutako kartel eta pegatina lehiaketetarako lanak begiratu eta gero, Leire Kareaga, Asier Lopez de Viñaspre, Gorka Errasti eta Marina Barrenak osatutako epai-mahaiak aho batez erabaki du Sanjuanak Eibarren kartel lehiaketako saria Oihane Romarate Yarza, 20 urteko eibartarrari ematea, "Bai airetik, bai lurretik, dultzaineruak urtero gure kaleetatik" izenburuko lanarengatik. Jaiak iragartzeko erabiliko den lan horrekin batera, umeen artean beste bi sari banatuko dituzte: 11 eta 14 urte bitartekoen mailan Garoa Magunazelaia Usobiaga saritu dute, Karrusel izenburuko lanarengatik eta 10 urtera artekoen mailan, berriz, Jon Martinez Agirrebeñari eman diote saria, Sanjuanak lerrotik pasata izenekoarengatik. Aurtengo edizioan 79 lan lehiatu dira, 47 helduen mailan eta 32 umeen maila bietan.
Horrekin batera, jaietan alkohol larregi ez edateko umore kutsua duen pegatina irabazlea aukeratu dute, lehiaketara aurkeztutako 14 lanak ikusi eta baloratu ondoren: Oscar Lopez de Zubiria Alvarez-ek irabazi du lehiaketa, "Esan Sooooo alkoholari" izenburuko pegatinarekin.