Sanjuanetarako programazioa eta kartel irabazleak aurkeztu ditu Udalak

Ekaina osoa beteko du San Juan jaietarako egitarauak aurten ere. Gaur goizean egin dute horren aurkezpena Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak, eta ekitaldi berean eman zituzten ezagutzera aurtengo kartel lehiaketan saritutako lanak.
Sanjuanetarako programazioa eta kartel irabazleak aurkeztu ditu Udalak
2026/05/28 14:16
Silbia Hernandez Arrazola

2026ko sanjuanetako irudi ofiziala izango denaren egilea Maria Ortiz Baños da, berak irabazi baitu Eibarko Udalak antolatzen duen lehiaketako sari nagusia, Untzaga plazan izeneko lanarekin. Horrez gain, 11-14 urte bitartekoen kategorian, Maria Gisasola Paulavets saritu dute, “Sanjuanak peto gainean" kartelarengatik; eta 10 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Gaizka Alberdi Rodriguez, “Sua jaietako protagonista” lanarengatik. Bestetik, pegatina lehiaketako irabazlea Joseba Imanol Vilas Molina izan da, “Jaiak bai, mozkortzeari jai” izeneko lanarekin.

Aurkezpenarekin hasi aurretik, Jon Iraola alkateak Udalaren eta Eibarko elkarte-sarearen arteko lankidetzak ahalbidetzen duen jaien izaera kolektiboa nabarmendu du: “Aurten ere egitarau zabala aurkeztuko dugu, herrian hilabete osoan zehar giro ona egon dadin pentsatutakoa eta, era berean, denontzako espazioa eskainiko duena”. 

Datorren eguenean, ekainaren 4an abiatuko da jai-egitaraua, Nele Dantzak Coliseon aurkeztuko duen ikuskizunarekin. Beste bi emanaldi egingo dituzte, barixakuan (ekainak 5) eta zapatuan (ekainak 6). Ekainaren 6an, berriz, Minbiziaren Aurkako bosgarren Martxa egingo da, goizez, eta arratsaldean, berriz, Maite Lorenzok zuzendutako gau poetikoa, Ibarkurutzeko iturrian.

Eta, hortik aurrera,ekitaldiz betetako agenda izango dugu Eibarren: Musika Eskolako taldeen kontzertuak (ekainak 11 eta 12), KOA dantza-taldekoen emanaldiak, Kezka Dantza Taldeak antolatzen duen Dantzari Eguna (ekainak 12) eta Boxeo-gaua (ekainak 12), batzuk aipatzearren; zapatuan (ekainak 13) VI. Futbol 7 Kuadrillen Txapelketa, XXXVIII. Eibarko Hiria Bolo-Palma Txapelketa, Isabel Laspiurren ikasleen piano-kontzertua, Break Dance eta New Style dantzen XI. Txapelketa... Eta, eguna primeran amaitzeko, iaz arrakasta handia izan zuen formatu handiko musika-proposamena prestatu dute: LOS40 Sessions Eibar, Jesus Taltavull DJ-arekin. Eta domekan (ekainak 13) jokatuko dira urtero antolatu ohi dituzten kirol-probak: XC. San Juan Txirrindularitza Sari Nagusia eta IV. Billar Txapelketa. Gainera, Estidantzak saioa eskainiko du.

Sokamuturra Untzagan
Bestela, jai-egun nagusietan ez da aldaketa nabarmenik izango, berritasun bat salbu: gazteek urteetan eskatzen aritu eta gero, aurten sokamuturra egongo da, hiru egunetan: ekainak 21, 24 eta 25ean. Untzagan egingo da, 08:00etan, txokolate eta guzti.

Ikasturte amaierako ikuskizun ugari
Jai-egun nagusien aurretik, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren kontzertuak egongo dira, hilaren 17an eta 18an; azken egun horretan Ipurua Gimnasia Errritmikoko Klubak Untzagan erakustaldia egingo du. Hilaren 19an, barixakua, Astelena pilotalekua izango da protagonista, zaletuentzako San Juan torneoa hartuko du eta. Horrez gain, Ballet Eibarres dantza-taldeak emanaldia eskainiko du, Coliseon; Untzagan musika egongo da Untzagan, Maialen Ibarra eta Kaparrak taldeen eskutik; eta baita EMEKA eibartarraren kontzertua ere; goizaldean, DJ saioa egongo da, SOBA Art Corerekin.

Zapatuan (ekainak 20), Errebal izango da topagunea, Odiseak antolatutako joko-simulazio tailerrarekin, eta Coliseo antzokiak Unzagako Jubilatuen Etxeko abesbatzaren emanaldia jasoko du. Arratsaldean, kalejira egingo dute Africa Baj Yayrekin, eta, gauean, programako kontzertu nagusienetako bat izango da Untzagan, Jonkass eta Leire Martinezekin; ondoren, San Juan DJ Fest izango da, Danel Santiago eibartarrarekin.

Domekan (ekainak 21) Untzagan sokamuturra egingo da, eta arratsaldean Labu&Cris Clownen Zirkutik Eszenara programaren barruko  “Triplette” zirku-ikuskizunarekin jarraituko du.

Hilaren 22a, astelehena, bereziki haurrei zuzendutako eguna izango da: puzgarriak, eta drone soccer —drone bidezko futbola— erakustaldia eta Tutik Clowns taldearen emanaldiaz gain, barrakak merkeagaok izango dira egun osoan zehar.

Martitzenean, ekainaren 23an, jaian murgilduko gara, bete-betean. Goizean Kaleetan Kantuz taldeak abestuko du, ospitalean, eta Usartza Txistulari Bandak tradizioa den San Juan Zortzikoa joko du kalejiran, Untzagatik irtenda. Eguerdian koadrilak elkartu eta Ustekabe fanfarrearekin Urkizura arteko kalejira egongo da. Estaziño kalean harrera egingo zaie Lizarrako dultzaineroei, udal-korporazioak, aurten omenduak izan diren pertsonek eta koadrilek lagunduta.
13:30ean, udaletxetik pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko da.

Ondoren, San Juan kartel-lehiaketaren eta alkohol-gehiegikeriaren aurkako pegatina-lehiaketaren sariak banatuko dira.

Hilaren 23ko arratsaldean eta gauean, herriaren erdigunea izango da, atzera ere, eszenatoki nagusia. Koadrilen arteko jolasak izango dira Untzagan, umeentzako tailerrak, puzgarriak, Lizarrako erraldoi eta buruhandiak, txokolatada eta kalejira. Hamarretan danborrada aterako da, eta, handik gutxira, Nele Dantzaren taldearen emanaldia egingo da. Unerik sinbolikoena

23:30ean helduko da, ...eta kitto!-k antolatzen duen San Juan suarekin,  As Burgas taldearen queimadarekin, eta Eibarko Musika Bandak interpretatuko duen San Juan ereserkiarekin. Gauerdian danborrada-alardea eta dantzaldia izango dira, Lisker taldearekin.

Eguaztenean, San Juan egunean, sokamuturra eta diana izango dira kaleetan. Azitainen meza ospatu eta sorbak bedeinkatuko dituzte eta, ondoren, meza nagusiaegingo da, Karmengo Amaren elizan. Toribio Etxebarria kaleak Eibarko Musika Bandaren San Juan kontzertu berezia hartuko du. Egun osoan zehar haur-parkea egongo da Untzagan, kale-antzerkia, koadrilentzako makro-ginkana Errebalen, musika eta familientzako jarduerak. Arratsaldean, haurren danborrada, haurren pregoia eta Jainaga eta Narbaizaren erromeria izango dira. Gauean, Soka Dantza egongo da Untzagan, eta, hamabietan, suzko erroberak, eta, ondoren, dantzaldia, Jamaica Show taldearekin.

Eguenean (ekainak 25), festa-giroa luzatzeko, sokamuturra eta dianarekin hasiko da eguna. Goiz-eguerdian, XXXI. Marmitako Lehiaketa eta umeentzako jolas tradizionalen parkea izango dira Untzagan. Arratsaldean, Iruñeko eta Lizarrako erraldoi eta buruhandien, kale antzerkiaren eta Euskal Jaialdiaren txanda izango da, …eta kitto! elkarteak antolatuta. Musikari amaiera emateko, 22:00ean, Eibarko Musika Bandak John Williamsen soinu-bandei eskainitako kontzertua emango du, suzko erroberak hasi aurretik.

Egitarauari amaiera emateko, zapatuan (ekainak 27), San Pedro eguna eta Harrotasunaren Eguna ospatuko dira, Karmen kaleko parkean familiako kide guztiei zuzendutako jarduerekin: txokolatada, haurrentzako jolasak eta “Lekimgo maleta” ikuskizuna.