Sankristobalgo “ez-jaiak” ospatuko dituzte zapatuan Ipuruako bolatokian

Sankristobalgo “ez-jaiak” ospatuko dituzte zapatuan Ipuruako bolatokian
2023/07/12 11:35
eta kitto!
Aurten ez da Sankristobalgo jairik egin, baina, hala ere, “ez-jaiak” ospatzeko egun osorako egitaraua prestatu dute zapaturako, Kantabriako Etxekoek Ipuruan daukaten bolatokian. Goizetik hasiko dira, 11:30etik 13:00era haurrentzat egingo diren jolasekin. Besteak beste, moto-lasterketa, sokatira eta igel-toka antolatu dituzte, eta parte hartzen dutenentzat goxokiak, freskagarriak eta sorpresak egongo dira. Jarraian, 14:00ak arte, helduen txanda izango da: igel-toka eta futbolin txapelketak jokatuko dira eta irabazleentzat sariak egongo dira (pernila edo gazta eta ardoa). Ondoren, 15:00etan, herri-bazkaria egingo da, Boleran bertan. Menu bakarra egongo da: urdaiazpikoa, entsalada mistoa eta kroketak (konpartitzeko) eta oilaskoa edo saiheskia brasan. Edariak ere prezioaren barne daude. Tiketak 15 eurotan ipini dituzte salgai, Maixa tabernan (Calbeton) eta Boleran (Ipurua).

Arratsalderako jarduerak 18:00etan hasiko dira: Zelai-bide tabernan piskolabisa (tortillak, urdaiazpikoa, gazta eta kanapeak, ardo goxoarekin lagunduta) eskainiko dute, doan, eta 19:00etatik aurrera gauza bera egingo dute Boleran. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, berriz, Miguel Angel Frey “Baldomero” abeslariak rantxerak kantatuko ditu. Eta 21:30etik 23:30era berbena egingo da, betiko musikarekin, Nevreda eta The Kraken DJ-ek girotuta.