Santa Kurutz jaietako egitaraua ezagutzera eman dute

Santa Kurutz auzoko jai batzordekoek egitarau zabala antolatu dute hurrengo bi asteburuetarako
Santa Kurutz jaietako egitaraua ezagutzera eman dute
2024/04/24 18:12
eta kitto!

Asteburu honetan hasiko dira Santa Kurutz jaiak, zapatuan Ixua jatetxean egingo den bertso afariarekin. Ekitaldia 20:30ean hasiko da eta bertan izango dira Xabat Illarregi eta Iban Urdangarin bertsolariak. Txartelak Ixua jatetxean eskura daitezke.

Datorren astean izango dira ospakizun nagusiak Santa Kurutzen, barixakua eta domeka bitartean. Hauxe da auzoko jai batzordetik prestatu duten egitaraua:

MAIATZAK 3, ostirala,  SANTA KURUTZ Eguna
17:30ean, Kanpaiak.
18:00etan, Meza, Santa Kurutzeko ermitan Gorosta eta Mandiola auzoetan hildakoen alde. 

MAIATZAK 4, larunbata
10:30ean, Kanpaiak
11:00etan, Hamaiketakoa egongo da, Oier Balzola eta Unai Andonegi trikitilariek eta Usartza txistulariek girotua.
12:00etan, Dantza emanaldia, Kezka dantza taldearen eta Usartza txistulari taldearen eskutik.
12:30ean, Erraldoi, buruhandiak eta haurrentzako jolasak.
13:00etan, Herri kirolak Karmele Gisasola, Uxue Ansorregi, Julen Kañamares eta Ugaitz Muguerzaren eskutik.
14:30ean, Bazkaria Ixua jatetxean.
Ondoren erromeria izango da, Oier Balzola eta Unai Andonegik alaitua.
19:30ean, Arrateko frontoian esku pilota lehiaketa (ba-rruska). Txapeldunak saria izango du.

MAIATZAK 5, igandea
9:45ean
, Santa Kurutzera igoera Urkizuko iturritik. Saria zozketatuko da parte hartzaile guztien artean. 
Izena ematea goizeko 9:30etan Urkizuko iturrian.
10:30ean, Kanpaiak.
11:00etan. Meza nagusia Santa Kurutzeko ermitan. Hurbiltzen diren guztientzat piskolabisa egongo da, trikitilariek girotua.
12:30ean, Motx magoaren ikusizuna.
13:30ean, Txapel jaurtiketa nahi duten guztientzat.
14:30ean, Kanpai hotsez bukatuko dira aurtengo jaiak.