Santiago Entrenak Egiptoko bere bildumako piezak laga ditu, Bilboko Berreginen Museoan erakusteko
Erakusketa antolatu dutenen berbetan, “lau bilduma askotariko alderdiak dituen ikuspegi batean bildu nahi izan dugu. Alde batetik, Euskal Museoaren Palacio Olabarria bilduma, Egiptoko jatorrizko objektuak dituena. Beste alde batetik, Santiago Entrena eta Jose Maria Ortuondoren bildumak, Egiptoko antzinako gauzen bi euskal bilduma pribatu bakarrak. Eta, hiru bilduma horiek osatzeko, Bilboko Berreginen Museoaren molde-lanak, eta erakusketa honetarako Berlingo Gipsformereitik eta Parisko Atelier de Moulagesetik eskuratu diren hiru elementu gehiago daude”.
Erakusketa 40 piezak osatzen dute, horietatik 13 Santiago Entrena eta Jose Maria Ortuondoren bilduma partikularretakoak. Piezarik aipagarriena, bestalde, Harwaren Ushebtia da. Jatorrizko obra hori serpentina harriarekin eginda dago, Luxorretik ekarri zuten, eta Euskal Museoaren Egiptoko bilduma bereziaren parte da.
Santiago Entrenak laga duen bilduman, bestalde, dokumentazio grafikoa dago batez ere. Hala nola, Egiptora egin zituzten lehen espedizio modernoetako grabatuak edo litografiak. Eibartar honi ikaragarri gustatzen zaizkio antzinako Egiptoko historia eta arkeologia eta, zaletasun horrek bultzatuta, urteak daramatza VIII - XIX. mendeetako grabatu, liburu ilustratu eta argazkiak biltzen, baita Egipto faraonikoko arkeologia-pieza txikiak ere.