Sareetan euskarazko edukiei bultzada emateko #izanbirala lehiaketa antolatu dute gazteentzat

Sareetan euskarazko edukiei bultzada emateko #izanbirala lehiaketa antolatu dute gazteentzat
2022/10/17 16:07
eta kitto!
Gazteek sareetan euskarazko edukiak sortu, kontsumitu eta partekatzea sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak #izanbirala lehiaketa antolatu du 13-25 urte bitarteko gazteentzat, lau erronkarekin. Bakarka edo taldeka hartu daiteke parte eta talde bakoitzeko parte-hartzaile kopuruak eta aurkez daitekeen lan kopuruak ez du mugarik izango.

Lehiaketaren lehen faserako bi erronka planteatu dituzte: euskaraz ez den abesti baten euskarazko bertsioa egitea eta meme lehiaketa. Lehen erronkan parte hartzaileek beraien bertsioa sortu eta beraien TikTok kontura igo beharko dute, #izanbirala eta #JarriErritmoa traolak erabiliz. Eta, bigarrenean, parte hartzaileek beraien memea posta elektroniko bidez bidali beharko dute, gozatusareaneuskaraz@gmail.com helbidera, erronka (meme lehiaketa) eta izena adieraziz. Ondoren, epaimahaiak aukeraketa bat egingo du eta horiek GozatuSareanEuskaraz instagram kontura igoko dira. Parte hartzeko epea gaur bertan zabaldu dute eta urriaren 27ra artekoa da. Irabazleak, berriz, azaroaren 7an iragarriko dituzte.

Eta, lehiaketaren bigarren faserako, beste bi erronka prestatu dituzte, bi egoera parodiatzeko: familian ematen diren egoerak (#NireFamilianEre) eta lagun artean ematen diren egoerak (#NireKuadrilanEre). Parte hartzaileek aukeratutako egoeraren parodia grabatu eta beraien kontura igo beharko dute, #izanbirala eta erronkari dagokion traola erabiliz. Gainera, parte hartzaileek posta elektroniko bidez bidali beharko dute gozatusareaneuskaraz@gmail.com helbidera, izena eta erronka adieraziz. Parte hartzeko epea azaroaren 7tik azaroaren 20ra bitartekoa izango da. Lehiaketaren oinarri guztiak HEMEN kontsultatu daitezke.