SD Eibar-ek arrosaz jantziko ditu lehen taldeak bularreko minbiziaren aurkako borrokarekin bat egiteko

Urriaren 19ko Bularreko Minbiziaren Aurkako Munduko Egunaren harira bultzatu dute ekimena eta kamiseta horien salmenten % 10 Katxalin elkarteari emango diote
SD Eibar-ek arrosaz jantziko ditu lehen taldeak bularreko minbiziaren aurkako borrokarekin bat egiteko
SD Eibar-ek eta hummel-ek prestatu duten arrosa koloreko kamiseta (SD Eibar)
2026/10/15 13:21
Ekhi Belar Errasti

SD Eibar-ek bat egingo du hummel kirol-markak bultzatutako ‘Pink October’ ekimenarekin, bularreko minbiziaren aurkako borrokari ikusgarritasuna emateko. Horretarako, gizonezkoen lehen taldeak elastiko arrosak jantziko ditu larunbatean, urriaren 17an, RCD Mallorcaren aurkako partidan. Emakumezkoen taldeak ere elastiko berezi horiek erabiliko ditu igandean, A Coruñako Deportivo Abancaren aurka.

Ekimenak helburu solidarioa izango du. Izan ere, SD Eibarrek eta hummel markak elastiko horien salmenten % 10 Katxalin elkarteari ematea erabaki dute. Gipuzkoako elkarte horrek hamarkadak daramatza bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoak dituzten emakumeei laguntzen. Ekimenaren leloa ‘Ibilbide bakoitzak garrantzia du’ izango da, emakume bakoitzaren bizipenak eta borrokak aitortzeko.

Ipuruako zelaian ere izango da ekimenaren isla. Katxalin gonbidatu berezia izango da asteburuko bi partidetan, eta elkarteko emakumeak eta minbizia gainditu duten beste emakume batzuk jokalariekin batera aterako dira zelaira, norgehiagokak hasi aurretik.

Horrez gain, emakume batek egingo ditu esatari lanak Ipuruako bozgorailuetatik, bai zapatuan, bai domekan. Horrela, klubak aldarrikatu nahi du bularreko minbiziaren aurkako konpromisoa ez dela elastiko arrosak janztera mugatzen, baizik eta ikusgarritasuna, babesa eta elkartasuna ere badirela.