SD Eibar-ek gaur 20:30ean itxiko du jardunaldia Nuevo Mirandillan

Beñat San Joseren taldeak Gaizka Garitanoren Cadiz izango du arerio
SD Eibar-ek gaur 20:30ean itxiko du jardunaldia Nuevo Mirandillan
2025/03/31 12:23
eta kitto!

Gaizka Garitanoren Cadiz CF-ri egingo dio aurre gaur arratsalde/gau bueltan Beñat San Joseren taldeak, azken jardunaldietan izandako berpizte-bideari jarraitzeko asmoz. Azken bost partiduetan hiru garaipen eta bi berdinketa eskuratu dituzte armaginek, eta ikusita aurretik dituen talde gehienek euren partiduak irabazi dituztela, jokoan dauden puntuak garrantzitsuak dira oso. Ez bakarrik SD Eibar-entzat, baita aurkarientzat ere, Cadizek puntu berberak dituelako.

Talde bien arteko azken neurketetan nahiko parekatuak egon dira indarrak, SD Eibar-ek hiru partidu irabazita eta Cadizek bi. Ontiveros da gaditanoen jokalari aipagarriena, 10 gol eta bost asistentziekin. Txartel bat jasotzen badute, Arbilla, Pascual eta Bautistak ezingo lukete jokatu hurrengo partiduan; arrisku bera izango du Cadizen Realak lagata jokatzen duen Carlos Fernandezek. Lax Franco epaileak laugarren aldiz zuzenduko die eibartarrei: aurretik berarekin jokatutako norgehiagoketan, eibartarrak bitan izan dira garaile eta bakarrean galtzaile.