SD Eibar-ek salbazioa ziurtatu nahi du Levante azken sailkatuaren aurka
Hiru asteko geldialdiaren ondoren, F Liga martxan da berriro. SD Eibar-ek atsedena hartzeko eta indarberritzeko aukera izan du denbora horretan, oraindik ez duelako ziurtatu hurrengo denboraldian maila gorenean jarraituko duenik, lehen itzuli bikainaren ondoren salbazioa eskura duen arren.
Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, eta azken hamar partiduetan puntu bakarra eskuratuta (azkenengo partiduan Tenerifen aurka berdindu zuelako), eibartarrek bederatzi puntura dituzte jaitsiera postuak. Beraz, lasaitasunaren puntuen bila irtengo dira larunbatean, 16:00etan, Ipurua zelaira, azken sailkatua den Levanteren aurka.
Zaleen babesa ezinbestekoa izango da neurketa horretan eta SD Eibar-ek zaleak erakarri nahi ditu. Horretarako, gaurtik aurrera, Orsaixan dendan sarrerak erosi ahal izango dira 10 euroan helduentzat eta 5 euroan umeentzat.