SD Eibar-ek Teneriferen aurka hasiko du 26/27 denboraldia
Atzo egin zuten Hypermotion Ligaren 2026/27 denboraldiko egutegiaren zozketa. Lehen jardunaldian, SD Eibar-ek mailaz igo berri den CF Tenerife hartuko du Ipuruan, abuztuaren 16ko asteburuan, eta hurrengo astean ere Ipuruan jokatuko du, kasu horretan Real Valladoliden aurka.
Ligako azken partida ere etxean lehiatuko du, eta kasu horretan mailaz jaitsi berri den talde bat izango du arerio: Girona CF. Talde kataluniarrak Eibar playoffean kaleratu ondoren lortu zuen Lehen Mailarako txartela orain dela urte batzuk, eta Champions Leaguen ibili ondoren, Bigarren Mailara itzuli da berriz.
Fitxaketarik gabe oraindik
Egutegia jakinda, Jokin Aranberri SD Eibar-en entrenatzaile berria fitxaketen zain geratzen da orain, bajak besterik ez dituelako izan orain arte. Gainera, azken berrien arabera, Marco Moreno atzelariak ere taldea lagako du Brasilgo Bahia Esporte Clube taldearekin fitxatzeko 1,5 milioi euroren truke; eta Girona bera Jon Mikel Magunagoitia atezainaren atzetik dabil eta milioi bat euroko eskaintza egin duela diote. Kontrara, Eibarrek Las Palmas taldeko Pejiño eta Ivan Gil jokalariak jomugan dituela jakinarazi dute azken orduetan.
Aurredenboraldia
SD Eibar uztailaren 9an itzuliko da lanera (7an eta 8an egingo dituzte azterketa medikuak) eta aurredenboraldirako partidak zehazten ari da. Momentuz, hauek jakinarazi dituzte:
- Uztailak 18, Laguardian: Alaves – SD Eibar
- Uztailak 29, Zubietan: Sanse – SD Eibar
- Abuztuak 8, Irunen: Real Union – SD Eibar