SD Eibar-en 14 lagunartek haserrea adierazi dute klubaren zuzendaritzak hartutako azken erabakiekin

Elx-en aurkako Kopako partidua abonatuentzat ordainpekoa izatea erabaki du klubak
SD Eibar-en 14 lagunartek haserrea adierazi dute klubaren zuzendaritzak hartutako azken erabakiekin
2025/12/12 10:07
Ekhi Belar Errasti

Ez da giro SD Eibar-en inguruan. Hypermotion Ligan jaitsiera postuetan dago gizonezkoen lehen taldea eta Kopan lortu ditu emaitzarik positiboenak azken aldian. Horrela, Elx-en aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa, martitzenean, abenduak 16, 19:00etan, Ipuruan, eta klubak erabaki du abonatuentzat ordainpekoa izatea eta, euren tokia libre laga ezean, kobratu egingo zaiela. “Lehiaketa honetan gertatzen den bezala, partida ez dago abonuan sartuta, beraz, abonatuentzat prezio berezi eta murriztua ezarri da, Ipurua betetzea bultzatzeko eta kudeaketa eroso eta erraza mantentzeko helburuarekin”, dio klubak.

SD Eibar-en zuzendaritzaren erabakiak haserrea eragin du zaletu askoren artean eta klubaren 14 lagunartek gutuna idatzi dute sentitzen dutena adierazteko. Momentu txarrenetan ere taldearen alboan egon direla azpimarratzen dute eta ez dutela ulertzen, taldearen gaur egun egoera ikusita, partidu hau abonatuentzat ordainpekoa izatea. “Honek guztiak agerian uzten du gure taldearen zuzendaritzaren eta zalegoaren arteko urruntasuna”, euren berbetan.

Gauzak horrela, SD Eibar-en zuzendaritzari eskatu diote erabakia atzera botatzeko eta, hori egin ezean, Kopako partidura joango ez direla aurreratu dute.

Cordobaren aurka bihar

Kopako partiduaren aurretik, Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak partida erabakigarria jokatuko du bihar, abenduak 13, 14:00etan, Cordobaren aurka, Nuevo Arcangel zelaian.

San Jose beraren postua kolokan egon liteke emaitza positiborik lortu ezean. Izan ere, Eibarrek hiru porrot jasan ditu jarraian ligan eta bost neurketa daramatza irabazi gabe. Sailkapenaren 20. postuan dago eta, hainbat talde gertu baditu ere, ezinbestekoa zaio emaitza positiboak lortzen hastea putzutik atera nahi badu.