SD Eibar-en koloreak Jordaniako errefuxiatuen kanpalekuetara iritsi dira
SD Eibar Fundazioak beste urte batez parte hartzen du Jordaniako Za’atari eta Azraq errefuxiatuen kanpalekuetan antolatzen den gazteentzako futbol lehiaketan. Ekimen hau LaLiga eta haren fundazioak sustatzen dute, eta futbolaren bidez gazteen ongizatea, balio positiboak eta bizikidetza indartzea du helburu.
Aurtengo edizioan 430 haur eta gazte baino gehiagok hartzen dute parte, guztira 42 taldetan banatuta eta 166 partida jokatuz. Lehiaketa hainbat kategoriatan antolatzen da, bai mutilentzat bai neskentzat, parte-hartzaileek kirol arloan zein garapen pertsonalean aurrera egin dezaten.
SD Eibar-en parte-hartzeari esker, klubaren koloreak zelaietara iristen dira, baina baita bere balioak ere. Eibarko erakundea proiektuan parte hartzen duten 16 klub profesionaletako bat da, eta gazteentzako aukera berriak sortzen laguntzen du kirolaren bidez.
Lehiaketak ‘Irabazteko balioak’ metodologia erabiltzen du, kirol jarduera ez ezik jokalarien jarrera eta portaera ere baloratzen duelarik. Modu horretan, futbola hezkuntza eta integrazio tresna izan daitekeela azpimarratzen du SD Eibar Fundazioak.