SD Eibar-en talde nagusiak 25/26 denboraldirako prestatzen dihardute
Oraindik oporretan badaude ere, SD Eibar-en talde nagusiak 25/26 denboraldirako motorrak berotzen hasi dira. Aste honetan jakin dute zein izango den denboraldi berrirako egutegia eta Hummel etxeak egindako kamiseta berriak ere aurkeztu dituzte.
Emakumezkoen taldea
F Moeve Ligan arituko den taldeak berritasun handiekin egingo dio aurre 25/26 denboraldiari. Rocio Candal kirol zuzendariak hartu du taldearen gidaritza eta Iñaki Goikoetxea izango da entrenatzailea Yerai Martinen lekua hartuta.
Jokalarien artean ere aldaketa asko egon dira. Noelia Garcia, Andrea Sierra, Kakounan Bernadette Amani, Ane Campos, Espe Pizarro, Andrea Álvarez, Maria Miralles, Elba Verges, Annelie Leitner eta Eva Van Deursenek kontratua amaitu zuten, eta lagata zeuden Eider Arana, Eunate Astralaga, Mariana Cerro eta Margherita Monnecchi euren taldeetara itzuli dira. Beraz, taldea indartzeko, hauek izan dira orain arte egindako fitxaketak: Iara Acosta, Elena Valej, Ane Etxezarreta, Adela Rico, Sara Martin eta Alimata Belem.
Taldea hilaren 15ean itzuliko da entrenamenduetara eta abuztuko azken asteburuan hasiko du liga. Hain zuzen ere, lehen jardunaldian Sevilla hartuko du Ipuruan, abuztuaren 31an, eta DUX Logroñoren aurka amaituko du denboraldia, Ipuruan baita ere, maiatzaren 31an.
Gizonezkoen taldea
Iazko denboraldian Joseba Etxeberriaren postua hartu eta emaitza txukunak lortu ondoren, Beñat San Jose donostiarrak jarraituko du entrenatzaile lanetan. Momentuz hainbat baja izan ditu taldeak: Slavy, Jorge Pascual, Alex Dominguez, Arnau Comas, Ivan Gil eta Antonio Puertas. Fitxaketei dagokienez, lau jokalari berri arituko dira Ipuruako taldean: Jon Magunazelaia eibartarra, Lander Olaetxea, Aleix Garrido eta Luis Lopez.
San Joseren mutilek hilaren 9an hasiko duten denboraldiaurrea, abuztuaren 17an Malagan jokatuko duen lehen partidua prestatzen hasteko. Azken jardunaldia, bestalde, Castellón jokatuko du, maiatzaren 31an.
Kamiseta berriak
Denboraldi berriari irudi berrituarekin egingo diete aurre SD Eibar-en taldeek. Hummel arropa-etxea arduratu da kamiseten diseinuaz eta aste honetan aurkeztu dituzte sare sozialen bitartez.
Lehen elastikoak ohiko diseinuari eutsi dio, iazko kamisetarekin alderatuz marra meheagoekin eta kolore bakoitzeko tonu ezberdinak gehituz. Bigarrenak sasoi bateko kamisetei egiten die omenaldia, Glasgow-ko Celtic-en kamiseta oinarri hartuta diseinatutako elastiko zuri-berdeei hain zuzen ere. Eta hirugarren uniformea guztiz arrosa izango da, Eibarko armarriko ‘X’ nabarmentzen delarik.