SD Eibar-en talde nagusiak garaipenaren bidera itzuli nahian
Emakumezkoen Lehen Mailan jokatzen duen SD Eibar-ek Gipuzkoako derbia jokatuko du domekan, urtarrilak 25, 12:00etan, Zubietan, Real Sociedad-en aurka. Talde eibartarrak “energiarekin eta motibazio handiarekin” ekingo dio lehiari, Iñaki Goikoetxea entrenatzailearen berbetan, aurrean arerio gogorra izango duen arren.
Reala sailkapenaren 3. postuan dago, Real Madril 2. sailkatuarengandik lau puntura (partidu bat gutxiagorekin). Bestalde, mailari eustea helburu dutela kontuan hartuta, eibartarrak ere txukun dabiltza denboraldi honetan. Jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea 11 puntura du eta, gauzak ondo, lasai amaituko du denboraldia. Dena dela, joan den asteburuan Madrid CFF-ren aurka 1-3 galdu ondoren, gorriurdinek lehenbailehen emaitza positiboa lortzea dute helburu.
Etxean berriz
Gizonezkoen Bigarren mailako SD Eibar-ek, azken bi partiduak etxetik kanpo jokatu ondoren, Ipuruako berotasunean ekingo dio asteburu honetako lehiari. Almeria izango du aurkari domekan, 16:15ean, eta etxetik kanpo lortzen ez dituen puntuen bila irtengo da zelaira.
Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak bi puntura besterik ez du jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea eta garaipen beharrean dago zonalde bero horretatik irteteko. Almeria, ostera, play-off postuetan dago, 5. tokian hain zuzen ere.