SD Eibar Fundazioak bere zazpigarren denboraldia jokatuko du Genuine Ligan

Guztira lau fase jokatuko dira eta lehena Tarragonan izango da, azaroaren 22tik 24ra
SD Eibar Fundazioak bere zazpigarren denboraldia jokatuko du Genuine Ligan
2025/10/16 11:57
eta kitto!

LaLiga Genuine Moeve aurkeztu zuten astelehenean, urriak 13. Ligaren zortzigarren denboraldia izango da aurtengo, zazpigarrena SD Eibar Fundazioarentzat. Aurtengoan, 50 taldek eta 1.400 jokalari inguruk hartuko dute parte, lau fasetan banatuko den txapelketan.

Lehen fasea Tarragonan jokatuko da, azaroaren 22tik 24ra; bigarren faseak bi egoitza edukiko ditu, Cadiz (urtarrilaren 31an eta otsailaren 1ean) eta Xixon (martxoaren 7 eta 8an); hirugarren faseak ere bi egoitza izango ditu, Granada (apirilaren 25 eta 26an) eta Burgos (maiatzaren 30 eta 31n); eta laugarren eta azken fasea Madrilen jokatuko da, Espainiako Federazioak Las Rozasen duen egoitzan, ekainaren 19tik 21era.

 

Tarragona lehenik

SD Eibar Fundazioak dagoeneko ezagutzen ditu Tarragonan jokatuko den fasean edukiko dituen arerioak. Azaroaren 22an, goizean, RCD Mallorca Genuine izango du arerio, eta arratsaldean Levante UD EDI-ren aurka jokatuko du. Hurrengo egunean, 23an, Real Betis Balompie Genuineren aurka arituko da.

LaLiga Genuine Moeveko partidu guztiek hamar minutuko lau zati izango dituzte, jokalari guztiek jokatzeko eta ondo pasatzeko aukera izan dezaten.