SD Eibar Fundazioaren Euskararen Baloia ekimenaren edizio berri bat martxan da

SD Eibar Fundazioaren Euskararen Baloia ekimenaren edizio berri bat martxan da
2024/01/17 10:02
eta kitto!
SD Eibar Fundazioaren Euskararen Baloia ekimenak euskararen erabilera sustatzen du Eibarko eta inguruko herrietako ikasleen artean eta datorren astean edizio berri bat hasiko du Ipuruan. Urtero bezala, benetako protagonistak ikastetxeetako haurrak izango dira, eta Ipuruara hurbilduko dira gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetako armagin idoloekin jardunaldi bat partekatzeko.

2024ko edizioa Eibar, Ermua, Elgoibar eta Mallabiko ikastetxeentzat dago zabalik; orain arte, Eibarko eta Ermuko hamar ikastetxetako mila ikasle inguruk hartu izan dute parte programan. Eguaztenean, urtarrilak 24, Elgoibarko Ikastolaren txanda izango da.

2019an sortu zen eta aurten laugarren edizioa du Euskararen Baloia ekimenak. "Euskararen baloia" k Ipuruako obretan aurkitutako baloi baten istorioa kontatzen du. 1899an auzoko bizilagunek Andres Gorosabel auzokide eta baloiegileari eskatu zioten baloi hori, eta honek mandatua onartu zuen baldintza batekin: Eibarko haurrek hura euskaraz erabili behar zuten. Gorosabelen lekukoa hartuta, klubeko hainbat kidek, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek, baloi horren historia bikaina kontatzen diete ikasleei.

Inaugurazio saioan, Joseba Etxeberria eta Yerai Martin armaginen entrenatzaileek kontatuko diete istorioa haurrei. Aurtengo edizioaren berritasun nagusia parte hartzen duten ikastetxeen artean lehiaketa antolatzea da. Ikastetxe bakoitzak "Euskara eta kirola" gaiari buruzko proiektu bat aurkeztu beharko du aukeratzen duten modalitate artistikoan (antzerkia, abestia, dantza, ipuin kontaketa, etab.), gehienez ere bost minutuz. Epaimahai batek originaltasuna, mezua, talde-lana eta Eibarren balioekiko lotura baloratuko ditu sariak emateko.

Lehen saria Atxabalperi bisita egitea da, taldearen autobusean, Pantxikarekin, gizonezkoen lehen taldearen entrenamendu bat ikusteko eta taldeko jokalariekin norgehiagoka bat izateko. Bigarren saria armaginen lehen taldeetako jokalari guztiek sinatutako baloia da. Gainera, parte hartzen duten ikastetxe guztiek Ipuruara bisita egingo dute, Eibar FT-ren kamiseta bat zozketatuko dute bisita bakoitzean, Euskararen Baloiaren ale bat eta Eibar FT-ko gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeen partidetara joateko gonbidapenak.