SD Eibar hirugarren geratu da 7 PC Futbol Ligako azken fasean

Eibartarrek ezin izan dute iaz lortutako txapela berretsi
SD Eibar hirugarren geratu da 7 PC Futbol Ligako azken fasean
2024/05/21 10:04
eta kitto!

Oraingoan eibartarrek ezin izan dute iaz lortutako txapela berretsi, eta Hercules Paralinpikoak hartu du oraingoan armaginen lekukoa. Garun Paralisia eta Hartutako Kalte Zerebrala duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioak antolatutako azken fase hori Madrilen jokatu zen asteburuan. Armaginak liga erregularreko lehen postuan iritsi ziren play off-era, iaz lortutako titulua defendatzeko asmoz, baina penaltietan galdu zuten finalerdietan.

Zapatuko finalerdian SD Eibar-ek Fundacion Segunda Parteren aurka jokatu zuen eta neurketa bideratuta zirudien, atsedenaldira 2-0 irabazten erretiratu zirenean, Yerik Martinez eta Víctor Varearen golei esker. Bigarren zatiaren hasieran Eibarrek errenta handitzeko aukera izan zuen, baina ez zituen aukerak aprobetxatu eta aurkariak partidaren azken txanpan berdinketa lortu zuen. Luzapenean ez zen golik egon eta madrildarrak hobeto aritu ziren penaltietan, 3-1 irabazita.

Domekako jardunaldian alderantziz gertatu zen: CD AMDDA Malaga aurkaria 2-0 aurreratu zen, baina Yerik Martinezen gol batek eta bere atean sartutako beste batek partidua berdintseko balio izan zuten. Luzapenean, Yerik Martinezek sartutako golak garaipena eman zien armaginei.

Finalean, Hercules Paralinpikoak 3-2 gainditu zuen Fundación Segunda Parte.