SD Eibar-ko PC taldeak ligako txapeldun titulua defendatuko du asteburuan
Garuneko paralisia eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonentzako 7. Futbol Ligan parte hartzen duen SD Eibar Fundazioko taldeak bere titulua defendatuko du asteburu honetan Madrilen, titulurako playoffaren lehian. Carabanchelgo Antiguo Canodromo Udal Kirol Zentroan jokatuko dira finalerdiak eta finala, Garun Paralisia eta Hartutako Kalte Zerebrala duten Pertsonen Espainiako Federazioak (FEDPC) antolatuta. Honakoak dira sailkapena lortu duten taldeak: AMDDA Málaga, Hércules Paralinpico, SD Eibar Fundazioa eta Fundación Segunda Parte Elecnor. Armaginek ligako fase erregularra lehen postuan amaitu zuten.
Lehen finalerdia bihar jokatuko da, 10:00etan, AMDDA eta Herkulesen artean. Beste finalerdian Eibar eta Fundación Segunda Parte Elecnor izango dira aurrez aurre, 12:00etatik aurrera. Hirugarren eta laugarren postuak domekan erabakiko dira, 10:00etan, eta finala eguerdiko 12:00etan. Topaketa guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira klubaren esteka batean.