SD Eibar zapore gazi-gozoarekin iritsi da Gabonetako atsedenaldira
SD Eibar-en zaleek sentsazio nahasiekin ospatuko dituzte Gabonak. Emakumezkoen taldeari dagokionez, urteko azken partiduan Kopako kanporaketa jokatu zuen Madrid CFF-ren aurka eta 3-2 galdu zuen lehiaketatik kanpo geratu zelarik, baina ligan beste bat da kontua.
Emakumezkoen 1. mailan ari den taldeak bina egin zuen Atletico de Madrilen aurka urteko azkenengo jardunaldian eta sailkapenaren 11. postuan dago, 14 punturekin, jaitsiera postuak 8 puntura dituelarik. Beraz, lasai egon daitezke zentzu horretan.
Hurrengo jardunaldia urtarrilaren 10ean jokatuko dute, Alhamaren etxean, 12:00etan.
Bolada txarra apurtuta
Gizonezkoen taldeak, ostera, ardura gehiagorekin begiratzen dio sailkapenari. Barixakuan jokatu zuen azken partidua, Real Valladolid-en aurka, eta bost partiduren ondoren, Ligan garaipena lortu zuen behingoz. Gainera, taldeak irudi ona laga zuen eta 3-0 gailendu zitzaion Gaztelako taldeari.
Gauzak horrela, talde eibartarra jaitsiera postuetatik irten da, baina atzetik berdinduta du Granada 21 punturekin. Dena dela, talde asko ditu inguruan (12. doan Valladolid 3 puntura du, adibidez) eta urtarrilean jokatuko dituen partiduak berebizikoak izango dira taldearen etorkizuna ezagutzeko.
Hurrengo jardunaldia urtarrilaren 2an jokatuko dute, Ipuruan, Mirandesen aurka, 20:30ean.
Lehen taldeen posterrak
Eibarreko gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeen posterrak eskuragarri daude Orsaixanen eta Fermin Calbeton kaleko 5. zenbakian dagoen dendan. Aurten, Areitioko Kirol Hiriaren inaugurazioa dela eta, posterrek gertaera historiko hori jasotzen dute klubarentzat.
Poster hauen ale bat doan eskuratu nahi dutenek Orsaixan edo Fermin Calbeton kaleko 5. zenbakian dagoen dendara joan behar dute.