SD Eibarko jokalari batzuk hasi dira taldetik irtetzen
Kasu batzuetan beste talde batzuetatik lagata etorri direlako, eta beste batzuetan euren kontratuen iraupena amaitu delako. Azken horien artean daude Martin Merquelanz eta Chema Rodriguezen kasuak, biek ere ekainaren 30ean lagako baitiote SD Eibarko jokalariak izateari. Merquelanz Irungo albokoak bakarrik 16 partidutan hartu izan du parte, euretako bostetan titularra izanik; 505 minututan izan da zelai gainean, gutxitxo aukeran. Chema Rodriguez Caudeteko atzelaria, bestalde, 2022ko udaran heldu zen SD Eibarrera aurreko denboraldian Getafetik lagata iritsi ondoren. Ordutik, 41 partidutan 2.388 minutu jokatu ditu, eta baita bi gol sartu ere.
Badira beste lau jokalari lagata jokatu izan dutenak azken denboraldia SD Eibar-ekin, eta orain euren taldeetara itzuliko direnak. Euretatik gehien aportatu duena Villarreal CF-tik etorritako Jorge Pascual izan da, talde armaginarekin 40 partidu jokatu (Ligako 39 eta Kopako bat) eta, sartutako bost goletik aparte, pare bat asistentzia ere eskaini dituena. Beste hirurak neguko irekieran etorri ziren taldeari laguntzera eta euren aportazioa ez da hainbestekoa izan: Ivan Gilek 11 partidutan hartu du parte, Arnau Comasek bederatzitan eta Alex Dominguez atezaina ez da estreinatu, batez ere Jonmi atezain titularrak egindako lan bikainak ez diolako aukerarik eskaini. Gil Las Palmasera bueltatuko da asistentzia bakarrarekin, eta Basileatik etorritako Comasek lan bikaina egin du titular bezala jokatutako 681 minututan.