SD Eibarrek salgai jarri ditu Leganesen aurkako partidurako sarrerak
Leganes-Eibar partidua Butarquen jokatuko da domekan, gaueko 21:00etan hasita. Zaletuentzat egun eta ordutegi aproposena ez bada ere, SD Eibar-en jarraitzaileek animatuta daude taldeak azken aldian erakutsitako jokoarekin eta uste dute liderraren etxean ere irabazi daitekeela.
Orsaixanen erosi daitezke Leganesek bidalitako 236 sarrerak, bakoitza 15 euroko prezioan. Ohiko ordutegian eskuratu daitezke, egueneko (otsailak 29) 17:00ak arte arte. Sarrerak eskuratzeko, bertaratu guztien datu pertsonalak eta kontaktuko datuak aurkeztu beharko dira. Sarrerak izendunak eta besterenezinak dira, eta ez da aldaketarik edo itzulketarik onartzen.
SD Eibar gaur bertan hasi da Leganesen aurkako partidua prestatzen, eta egunero izango du lan-saio bat LaLiga Hypermotioneko liderrari egin beharreko bisitari etekina ateratzeko. Egun hauetako Joseba Etxeberriaren taldearen lan-plana honakoa da: gaur eta bihar 11:00etan, Atxabalpen; etzi ordu berean Ipuruan; etzidamu ere ordu berean, baina Ipuruako Anexoan; eta zapatuko azken entrenamendua, 12:00etan hasita, Atxabalpen berriro.