SD Eibarren jokatu zuen Kundananji emakumezkoen futboleko traspasorik garestiena da

SD Eibarren jokatu zuen Kundananji emakumezkoen futboleko traspasorik garestiena da
2024/02/14 09:17
eta kitto!

SD Eibartik Madrid CF taldera jauzi egin zuen Racheal Kundananji jokalari zambiarra emakumezkoen futbolean izan den traspasorik garestiena bihurtu zen atzo Madridek AEB-etako Bay FC taldeari 800.000 eurotan saldu duenean. Aurretik Indeni Roses eta BIIK Kazygurt taldeetan jokatutako aurrelari zambiarra 2021ean heldu zen SD Eibar-era, 21 urterekin, eta hainbeste nabarmendu zen talde armaginean hurrengo denboraldirako Madridek fitxatu zuela. Bai SD Eibarren, bai Madrilen, goleatzaile nagusiena izan zen Kundananji, Espainiako Ligako bigarren postuan amaitzeko, eta orain, 24 urterekin, beste jauzi bat eman du bere ibilbidean. NWSL Ligan jokatuko duen Bay FC taldeak 735.000 euro ordaindu dizkio Madrid FC taldeari, eta beste 70.000 euroko bonusa ordainduko dizkio jokalariak 20 gol sartzea lortzen duenean. Orain arteko fitxaketa garestienak emakumezkoen futbolean honakoak ziren: Levantetik Chelseara joandako Mayra Ramirezen kasuan, 450.000 euro; Manchester Citytik Bartzelonara joan zen Keira Walsh-en kasuan, 400.000 euro; eta Wolfsburgotik Manchester Cityra pasatu zen Jill Roord-engatik 350.000 euro ordaindu zuten.