Selektibitatearen aurkako elkarretaratzea egin dute gaur Ikamak eta EHEk Eibarko campusean
Hego Euskal Herrian gaur, ekainak 2, martitzena, hasi eta egunenera arte egingo dituzte ehundaka ikasleek selektibitate probak. Gaurtik eguenera bitarte, Batxilerreko bigarren urteko ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Probak (USAP) egingo dituzte unibertsitate campusetan. Probarekin ados ez, eta kontra egiteko protestak deitu dituzte haibat ikasle talde eta plataformak baita Eibarren ere.
Gaur, Eibarko Ingeniaritza Eskolan, 10:30ean, elkarretaratzea egin du Ikama ikasle antolakundeak, unibertsitatera sartzeko probak salatzeko. “FCK SELE!” lelopean egindako protestaren bidez, selektibitatearen aurkako aldarria plazaratu dute.
Antolakundearen arabera, probak ikasleen hezkuntza prozesua baldintzatzen du eta etorkizun akademikoan eragin handiegia du. Sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, Ikamak adierazi du ikasleak “zenbaki bat baino gehiago” direla, eta euskal ikasleen eskubideen alde borrokan jarraituko dutela.
Ikamaren ustez, selektibitatea “hezkuntza prozesu osoa baldintzatzen duen proba zaharkitua” da, eta egungo sistema “desberdintasunean oinarritutako klase gizartearen tresna” dela salatu dute.
Mobilizazio hau Hego Euskal Herriko hainbat campusetan egindako protesten barruan kokatu da.
Bestalde, 10:45ean, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak elkartasun argazkia egin du “Euskaraz bizitzeko, azterketak euskaraz!” lelopean, azterketak euskaraz egiteko debekua salatu eta desobedientzia egiten ari direnei babesa adierazteko.
Mobilizazioa bihar, IASen eskutik
Horrez gain, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) bihar egingo du kontzentrazioa Eibarko Ingeniaritza Eskolan, 10:30ean, “Selektibitateari sua!” lemapean.
IASek zabaldutako oharrean salatu du selektibitatea eta baxoa “trantsizio fasean dagoen eredu baten parte” direla, 2028ra arte ezartzen ari diren aldaketen testuinguruan. Haien esanetan, aldaketa horiek “oharkabean pasatzea” eta ikasleen “desmobilizazioa” eragitea dute helburu.
Antolakundeak adierazi duenez, azterketa ereduan egindako aldaketek ikasleen lan-karga handitu dute, edukien memorizazio handiagoa eta zailtasun handiagoa mantenduz denbora berean. Horrek, haien arabera, presio handiagoa eta ziurgabetasun handiagoa eragiten ditu ikasleen artean.
IASen ustez, selektibitateak egitura funtzio bera mantentzen du: “filtro sozialerako tresna” dela diote, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten ikasleen aukerak mugatuz. Era berean, sistema honek ikasleen arteko lehia eta indibidualismoa sustatzen dituela salatu dute, elkarlana eta elkartasuna ahulduz.
Horrez gain, adierazi dute froga bakar batean oinarritutako sarbideak estresa, urduritasuna eta presio handia eragiten dituela, ikasleen osasun mentalean eraginez.
Testuinguru horretan, ikasleen arteko elkarlana sustatzeko ekimenak martxan jarriko dituztela iragarri dute, hala nola apunte bankuak eta doako klase partikularrak.
Azkenik, ikasle mugimenduari dei egin diote ekainaren 2an eta 3an Euskal Herriko campusetan deitutako mobilizazioetan parte hartzera, “hezkuntza sistema unibertsala eta doakoa” aldarrikatzeko helburuarekin.