Sergio Rodriguez eibartarrak Euskal Herriko Hiru Txirloko txapela eskuratu du

Sergio Rodriguez eibartarrak Euskal Herriko Hiru Txirloko txapela eskuratu du
2023/11/21 10:29
eta kitto!
Joan zen zapatuan Lasturko bolatokian jokatutako txapelketa horretako azken jardunaldian Asola Berriko ordezkariak ezusteko paregabea eman zuen eta, hiru tiraldietan aurrean ipini zizkioten txirlo guztiak etzanda, sailkapena irauli eta une horretaraino bost txirlora zuen liderrari aurrea hartu eta txapela jantzi zuen. Angel Ibarluzea elgoibartarrak hiru txirlo bota zituen guztira eta, Sergiok lortutako bederatzirekin, azken honek txirlo bakarrarengatik jantzi zuen txapela.

Emakumezkoetan Aitziber Olaizola elgoibartarra nagusitu zen, eta amaierara arte borroka horretan izan den Asola Berriko Olaitz Rodriguez azkenean hirugarren geratu zen. Beteranoen mailan Bittor Astigarraga eibartarra izan genuen garaile beste behin, Bittor Ugarteburu taldekidea hirugarren sailkatu zen bitartean.

Bikoteka ere podiumean izan ziren Asola Berriko ordezkariak: Bittor biak bigarren postuan amaitu zuten, eta Juan Luis eta Sergio Rodriguez aitasemeak hirugarrenera iritsi ziren. Eta taldeka ere, azken jardunaldiari esker, Asola Berri A taldeak aurrea hartu zion San Miguel A taldeari eta, 105 txirlo eskuratuz, seira laga zuen Elgoibarkoa. Amaiera bikaina, beraz, Asola Berriko ordezkariena.