Simon Aldazabal igoeraren 28. edizioa jokatuko da domekan

Simon Aldazabal igoeraren 28. edizioa jokatuko da domekan
2023/09/06 10:26
eta kitto!
Simon Aldazabal herri-lasterketaren 28. edizioa jokatuko da hilaren 11n. Eibarko Klub Deportiboko atletismo batzordean antolatutako proba domekan goizeko 10:30ean abiatuko da egoitzaren paretik, Toribio Etxebarria kaletik, eta izen-ematea egunean bertan egin ahal izango da 09:00etatik aurrera. Helmuga Arrateko zelaian izango duen herri-igoera, urtero lez, Orbeko bidetik egingo dute, bost kilometro eta erdiko ibilbidea eginez. Tartean %20ko portzentaiako aldapak ere izango dituzte zai. Oraingoan Javier Azpiazu “Epi” izango da omendua: Aurten jubilatu da eta beti lagundu digu antolatzen ditugun gauzetan”, diote antolatzaileek. Urterokoari jarraituz, Urkizuko iturriaren paretik lehen postuan pasatzen direnentzat sari berezia (txuleta bat) gordeko dute, “beti ere Arratera heltzen badira”. Amaieran sari-banaketa egingo da, “hiru lehenengoak, lehen eibartarra, lehen juniorra eta lehen beteranoak (+35, +45, +55 eta +65) protagonista izango direlarik, gizonezkoen zein emakumezkoen arloetan”. Parte-hartzaile guztien artean ere beste zozketa bat ere egingo da, bertoko produktuekin osatutako otarrak banatzeko.

Bestalde, igoeraren marka El Hassan Oubadik du 2011ko edizioan ezarritakoa jarraitzen du izaten, 25 minutu eta 2 segundorekin. Emakumezkoen arloan ere urte hartakoak jarraitzen du indarrean, Cristina Loedik lortutako 32’21’’ko denborarekin. Iaz jokatutako azken edizioak 33 parte-hartzaile izan zituen, eta Pello Osoro eta Saioa Ugidos izan ziren irabazle.