Soldata eta pentsio duinak eskatzeko apirilaren 5ean egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute pentsiodunek

Gaur Untzagan egin den elkarretaratzean mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Soldata eta pentsio duinak eskatzeko apirilaren 5ean egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute pentsiodunek
2025/03/24 18:33
eta kitto!

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5erako deitu dituzten manifestazioetara joateko deia gogorarazi nahi izan du gaurko elkarretaratzeetan: “Soldata eta pentsio duinak, bai horixe! Hemen eta guztiontzat. Gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata, bidezkoak eta nahikoak. Gutxieneko soldataren adinako gutxieneko pentsioa. Errebindikazio horiekin, emakume, gizon eta gazteei dei egiten diegu apirilaren 5ean Bilbon (17:30ean Jesusen Bihotzetik), Donostian (17:30ean Boulebardetik), Gasteizen (12:00etan Artiumetik) eta Iruñean (18:00etan Baluarteko plazatik) manifestatzera, langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dien soldata eta pentsio nahikoak eskatzeko”. 
Deialdiarekin batera zabaldu duten komunikatuan salatzen dutenez, “onartezina da finantza- eta energia-enpresa handiek mozkin-errekorrak gainditzen dituzten bitartean, gero eta langile eta pentsiodun gehiagok gizarte- bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituzten soldata- eta pentsio-sarrerak izatea, eta gero eta gazte gehiagok ikusten dituzte zapuztuta bizi-proiektu autonomo bat. Baztertu egiten ditugu adinaren, aukera sexualaren edo jatorriaren arabera banatu nahi gaituztenen narratiba faltsuak. Lanean ari garen langileok eta pentsiodunok interes eta aldarrikapen berberak ditugu. Oinarrizko borroka da hau, soldatetan eta pentsioetan genero arrakalarekin amai dezagun, biztanleria erdia den emakumeen aurkako bidegabekeria onartezina baita”. 
Aipatutakoarekin batera, beste bi eskaera hauek egin dituzte: Legebiltzarrean pentsioen osagarriaren sistema propioa sortzeko HEL herri ekimen legegilea kontuan hartzea, eta osagarri hori Nafarroan ere lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea; eta Confebask eta CEN LGS lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzera eser daitezela.