Soldata eta pentsio duinak eta nahikoak eskatzeko manifestazioak egingo dira hiriburuetan apirilaren 5ean
Gaur eguerdian Eibarko Pentsiodunen Taldeak egindako elkarretaratzean 140 lagun elkartu dira, eta bertan eman dituzte ezagutzera pentsio publikoen aldeko borrokari lotutako azken gertaerak. Izan ere, EHPMk prentsaurrekoa eman zuen aurreko barixakuan, irailaren 26an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten lege-ekimenaren bigarren fasearen berri emateko. Urtarrilaz geroztik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Herri Ekimen Legegilearen bigarren fasean murgilduta dago eta honezkero 95.000 sinadura bildu dituzte. Baina, ekimenaren hedapena arrakastatsua izan arren, apirilaren 5erako manifestazio bana deitu dute Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta horietara batzera deitu dituzte herritar guztiak. Adierazi zutenez, “kanpaina hasi eta bi hilabetera dagoeneko 95.000 sinadura bildu ditugu. Ekimen honek EAEko erakunde sindikal guztien babesa jaso du, eta Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario guztiek aintzat hartzea merezi du. Hilabete gutxi barru, lege-ekimen honen hirugarren eta azken fasera igaroko gara: Eusko Jaurlaritzaren txostena eta Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren deialdia, lege-proposamen gisa onartu ala ez bozkatzeko. Eta ez genuke ulertuko, hainbeste ahalegin eta babes ondoren, Eusko Jaurlaritzak ezezko txosten bat egitea edo legebiltzar-taldeek ez onartzea, gutxienez, tramiterako, gizarteko sektore ahulenetako baten bizitza hobetzen duen eta pentsioen arloan genero arrakala murriztea helburu duen proposamena”.
Era berean, ekimena bultzatzen ari diren honetan, Von der Leyenek “Europa birrarmatzeko” deia egin duela, eta plan horretan 800.000 euroko gastua aurreikusten dela kritikatu dute pentsiodunen ordezkariek.
Gauzak horrela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5ean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazio bana egitea adostu du, “soldata eta pentsio duinak eta nahikoak eskatzeko, langile eta pentsiodun guztiek baldintza duinak izatea bermatzeko. EAEn eta Nafarroan sindikatu guztiekin izandako harremanen ondoren, EHPMk aurrerapauso bat eman du eta dei egiten die pertsona, langile eta pentsiodun guztiei kalera atera daitezen eta apirilaren 5ean manifestazio horietan parte har dezaten”.
Euskal sindikatu-batzordea osatzen duten ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek (euskal sindikatu-batzordea osatzen dutenak) martxoaren 13an adierazi zutenez, bere egiten dute gutxieneko soldata eta pentsio justu eta nahikoen aldeko borroka “hemen, orain eta denentzat”. Gaineratu dutenez, “ezinbestekotzat” jotzen dute mobilizatzea eta Pentsiodunen Mugimenduarekin aliantzak eraikitzea, “Hego Euskal Herriko pertsona guztientzat pentsio eta soldata duinak eta nahikoak lortzeko”. Horregatik, elkarrekin mobilizatuko gara apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan”.