Sonia Dominguez eta Mikel Bilbao: “Proba hainbeste jenderekin batera egiten duzunez, horrek ere energia ematen dizu”
Eibar110 Trail Erronkan parte-hartzeko zenbait aukera egon ziren. Proba sei etapatan banatu zutenez, norberak erabaki zezakeen zenbatetan parte hartu. Batzuk etapa bat egin zuten, beste batzuek bi, hiru... eta zazpi lagunek bete zituzten ehun kilometroak, tartean Dominguezek eta Bilbaok.
Eibar100 gogoratzen duzuenean, zer da burura etortzen zaizue lehenengo gauza?
MIKEL: Inoiz egin izan dudan gauzarik ‘heavy’-ena izan da, bai mentalki bai fisikoki. Espektatiba handirik gabe hasi nuen proba, egun ona pasatzeko asmoz, eta paseotxo bat izan behar zena ehun kilometro bihurtu ziren.
SONIA: Gogorra izan zela, oso gogorra, mentalki batez ere. Aurretik 67 kilometroko lasterketa bat eginda neukan eta pixka bat gehiago egitea zen helburua. Adibidez, 4. etapan gelditzea, 80 eta piku kilometroren ondoren, baina jarraitu egin nuen eta azken etapara iritsi nintzen. Ezin nuen gehiago, belaunean eta bikietan mina sentitzen hasi nintzen, baina ezin nintzen proba amaitzeko etapa bakarrera gelditu. Gainera, azken aurreko etapa amaitzean, Deporrera iristean, jende pila bat etorri zitzaidan animatzera. Proba guztia egiten jarraitzen zuen emakume bakarra nintzen eta jende asko gerturatu zitzaidan laguntza ematera, masajeak eskaintzera, eta abar. Beraz, jarraitu egin nuen. Gogorra egin zitzaidan, baina oso polita izan zen aldi berean.
Proba barixaku gauean hasi zenuten. Nola enfokatu zenuten?
MIKEL: Etapaz etapa joateko asmoarekin. Hasieran indar eta energia gehiago duzu eta, gero, proba hainbeste jenderekin batera egiten duzunez, horrek ere energia ematen dizu. Proba ez-lehiakorra zen, eta neure buruari galdetzen diot, lehiakorra izango balitz, ea ehun kilometroak egingo nituzkeen. Zalantzak ditut. Ez-lehiakortasun horrek eta guztiok helburu bera edukitzeak, asko laguntzen du.
SONIA: Hasieran espektatiba gabe ekiten diozu probari. Etapa bakoitzean jende berria etorri zen, baina ikusten duzu badagoela etapa guztietan egon den jendea. Horrek indarrak batzera eraman gintuen. Hori oso polita izan zen eta jarraitzeko indarrak ematen dizkizu. “Beste etapa bat?”, eta gero, “beste bat?”, esaten genion elkarri. Gogoratzen dut, proba guztia gurekin egin ondoren, mutil batek ezin izan zuela azken etapa egin eta demaseko pena eman zidan.
MIKEL: Nik ere lagun batekin egin nuen ia proba guztia, baina azken etapan ezin izan zuen jarraitu, hutsik zegoelako. Gorputzak eta buruak esaten dizute nora arte iritsi ahal zaren.

Nola egokitu zineten gauez korrika egitera, lorik egin gabe?
MIKEL: Gaua baino gehiago, goizeko lehen orduak egin zitzaizkidan gogorrenak. Adibidez, bigarren etapan, Kepa Osororekin demaseko ‘txapa’ eman genion gorantz eta oso eramangarria egin zitzaidan; baina goiza, 06:00ak inguruan, gogorra egin zitzaidan.
SONIA: Ni ez nintzen konturatu ere egin gaua pasa genuenik. Ondo eraman nuen korrika gauez egitea. Proba amaitu arte, ez nintzen konturatu lorik egin gabe nengoenik. Alderantziz izango balitz, egunez hasi eta gauez amaitu, beste kontu bat izango litzateke.
Zein izan zen proba egiten pasa zenuten momenturik txarrena?
MIKEL: Aipatutako goizeko une hori eta, bestetik, 4. etapa...
SONIA: Bai, Urkora igotzea! Latza izan zen.
MIKEL: Egun horretan ikasi genuen Urkora igotzeko ez dakit zenbat buelta eman daitezkeela. Amañatik Lindarira igo ginen, berriz egin genuen atzera Iturburuko bidera, ondoren Ixuara, eta atzeko aldetik Urkora. 16 kilometro inguru egin behar ziren etapa bakoitzean, eta horregatik ibilbide hori.
Berez gogorra da ba Urko!
SONIA: Ni Amañan bizi naiz eta etxe paretik pasa nintzenean... Ufff! Oso etapa gogorra izan zen. Gainera, arazoren bat egon zen eta jende baten zain egon behar izan ginen.
MIKEL: Eguzkiak ere ondo jotzen zuen momentu horretan. Berez, eguraldiak errespetatu egin gintuen. Gauez euri pixka bat egin zuen, baina ondo, eta egunez ere ez zuen bero larregirik egin.
SONIA: Bero gehiago egingo balu, ez nituzke ehun kilometroak egingo.
MIKEL: Urkoko etaparen ondoren, jende askok laga zuen proba.
Zein izan zen momenturik gozagarriena?
SONIA: Amaiera!
MIKEL: Baita niretzat ere. Eta bestetik, etapaz etapa joan nintzenez, azken momentuetan ere indarra nuela konturatzea. Helburua hain hurbil ikusten duzunez, gorputzak erantzun egiten du. Amaieran, Eibar Eskubaloikoek harrera egin ziguten, txosna zutelako Untzagan, eta Toribio Etxebarria kalean pasilloa egin zigun jendeak... Demasa izan zen.
Zer sentitu zenuten helmugara heltzerakoan?
SONIA: Negarrez jarri nintzen. Proban zehar etapa ezberdinak eduki nituen. Batetik, sufrimenduagatik negar egin nuen. Bikotea grabatzera etorri zitzaidan eta zein kilometrotan galdetu zidan. 88. kilometro inguruan nengoen eta hil nahi nuela erantzun nion. Heltzeko beharra nuen eta negarra irteten zitzaidan. Bestetik, Arrajola baserrian gelditu ginenean eta pasilloa egingo zigutela esan zigutenean, negar egin nuen berriz.
MIKEL: Horrelako momentuetan emozioak etortzen zaizkizu.
SONIA: Horrelako gauzak asko bizitzen ditut eta gorabehera pila bat eduki nituen.
MIKEL: 23 ordutan gauza askotarako denbora daukazu. Helmugan bikotea, familia, herrikideak eta abar ikusten dituzunean, harrotasuna ere sentitzen duzu.

Taldearen indarra aipatu duzue. Igoerak ere taldean egin zenituzten ala bakoitzak bere erritmora?
MIKEL: Erritmo iraunkorra zegoen hitzartuta eta bi lagunek zuten hori kontrolatzeko ardura. Mendian ibilitakoa bazinen, erritmo eramangarria zela pentsatzen dut. Kontua da kilometroak pilatzen joan ginela eta nekea igartzen zela. Baina, esan bezala, mendian ibiltzeko ohitura izanez gero, egingarria den zerbait dela esango nuke. Agian proba osoa ez, baina bai pare bat etapa edo 1., 3. eta 6. etapak, edo 2. eta 4, etapak, adibidez. Proba horrela egin ahal izateko aukerak, jendea gehiago animatzera eramaten du.
SONIA: Hasierako etapetan bai ikusten ziren talde batzuk, non jendea azkarrago joaten zen, baina gero berriz elkartzen ginen indarrak batu eta elkarrekin aurrera egiteko.
MIKEL: Inor ez zen atzean gelditzen. Horrek beste xarma bat ematen dio probari.
SONIA: Etapa batean berandu heldu ginen Deporrera. Ordu jakin batean heldu behar ginen, gero denbora bat izango genuen atsedena hartzeko edo dena delakoa, ondoren berriz irteteko. Berandu iritsi ginenez, denbora gutxi izan genuen eta ia jarraian irten behar izan ginen.
Nola egon zineten probaren hurrengo egunean edo egunetan?
MIKEL: Pentsatu baino hobeto. Gau horretan bertan, lehen bi orduetan lo egin nuen eta gero ez. Pentsatzen dut nekeagatik izango zela, eta hartutako kafe eta bestelakoengatik. Aste horretan zehar hanketan igarri nituen ehun kilometroak eta ez nuen kirola nahi beste egin. Beraz, berreskuratzeko astea izan zen.
SONIA: Ni ere nahiko ondo egon nintzen. Bikiak oso gogortuta eta nahiko gaizki izan nituen, baina fisioarekin txanda nuen hartuta, beraz, primeran etorri zitzaidan. Ostera, lo nahiko ondo egin nuen. Agujeta pila bat izan nuen, baina paseotxoak eman nituen. Izan ere, geldi gelditzen bazara, okerragoa da.
Bereziki prestatu zineten Eibar100 probarako?
BIEK: Ez, ez.
MIKEL: Orain mendian egiten dut korrika, baina hainbeste distantzia ez. Inoiz ez nuen pentsatu horrelakorik egingo nuenik. 30-35 kilometrokoak eginda nituen, baina 50etik gorakorik ez. Horregatik joan nintzen espektatiba gabe, gorputzak eta buruak esan arte.
SONIA: Ia astebururo lasterketetan ibili nintzen aurretik, beraz, pentsatzen duzu agian egin dezakezula, baina beste barik. Bikoteari esan nion Eibar100 egiteko apuntatuko nintzela, etapa guztiak egiteko asmoarekin, eta harridura aurpegiarekin begiratu zidan. Berak hiru etapa egin zituen. Baina ez, ez nuen proba bereziki prestatu.
Errepikatuko zenukete?
SONIA: Bai! Berriz egingo nuke.
MIKEL: Zalantzak ditut. Amaitu eta berehala zera esan nien antolatzaileei: “Horrelako batean ikusten nauzuen azken aldia da” (barreak). Zerrendatik ezabatu dut. Ez da motibatzen nauen distantzia bat, baina egun polita pasa nuen, zure moduan dabilen jendea ezagutzen duzu, kirolaria, Eibarkoa, mendia gustatzen zaiona... Beraz, hurrengo proba bi urte barru izango denez, egingo dut? Ez dut eskua sutan ipiniko ezetz esanez, baina zalantzak ditut. Lagun batek berarekin egiteko eskatzen badit, agian bai, ez dakit. Gero hasten zara, eta nork daki...
SONIA: Agian, bi urte barru, egiten saiatzen zara eta ez duzu amaitzen. Azkenean, ez dakizu gorputzak nola erantzungo duen. Hori bai, jendeari, behintzat mendian ibiltzen denari, proba egitea gomendatuko nioke, esperientzia hori bizitzeko.
MIKEL: Hori da! Beldurrik ez edukitzea, denontzat pentsatuta dagoen ekintza delako. Aurten, 100 kilometroko lasterketak egin izan dituen jendea zegoen, baina gure erritmora joan ziren, azkenetakoak joanda ere, eta horrek animatu egiten zaitu.
SONIA: Beste batzuek agian ez dute bakarrik joan nahi.
MIKEL: Baina 18 ordutan denbora nahikoa duzu jendea ezagutzeko. Bestalde, bolondresek egindako lana nabarmendu behar da. Anoa postu guztietan izan genituen zain, edozein ordutan. Demaseko lana da hori! Zer egiten zuten, zain, goizeko 03:00etan? Eta den-dena prest izaten zuten guretzat. Mundiala izan zen hori. Eurei esker irten zen proba aurrera.
EKD Trail Taldea sortu dute berriki. Zer iruditzen zaizue ekimena?
SONIA: Bikaina! Izena eman dut dagoeneko.
MIKEL: Baita nik ere! Komunitate polita dago hor. Gainera, maila guztietako jendea dago taldean.
SONIA: Horrek jende gehiagok izena ematen eta Eibar100 bezalako probetan parte hartzen lagunduko du.
MIKEL: Ekimen polita da eta mendira lotzen zaitu. Gustatzen zaigulako ibiltzen gara mendian eta ideia polita da mendian ibiltzea sustatzeko.