Sonia Mendy brontzezko dominarekin itzuli da 16 urtez azpiko Gipuzkoako Txapelketatik

Euskadiko Master Txapelketan, Marcos Untzetabarrenetxeak 5. postuan amaitu zuen 800 m-ko proban
Sonia Mendy brontzezko dominarekin itzuli da 16 urtez azpiko Gipuzkoako Txapelketatik
2026/02/09 17:31
Ekhi Belar Errasti

Larunbatean, otsailak 7, pista estaliko 16 urtez azpiko Gipuzkoako Atletismo Txapelketa jokatu zen Donostiako Belodromoan.  Eibarko Klub Deportiboko atletismo taldeko zenbait atleta aritu ziren bertan eta garaikurrekin itzuli ziren, Sonia Mendyk brontzezko domina irabazi baitzuen pisu jaurtiketan (8,38 metro).

Eibartarrek lortu zuten domina bakarra izan zen, baina emaitza txukunak lortu zituzten beste proba batzuetan. Adibidez, 60 m-ko proban, Naia Astigarraga bigarren izan zen bere seriean (8,68 segundo) eta Gipuzkoako 12. sailkatu zen bere markarik onena lortuz; Malen Anderez 16. izan zen (8,79 s) eta Sonia Mendyk 18. amaitu zuen (8,81 s).

300 metroko proban, Malen Anderezek (47.63 s) bere serieko 4. postua lortu zuen, txapelketan 10. sailkatuz eta bere markarik onena lortuz. Eta luzera jauzian, Naia Astigarraga 11. geratu zen (4,24 m).

Bestalde, larunbateko jardunaldi berean baina 16 urtez azpiko txapelketatik aparte, PLP probetan, Elene Beitiak 400 m-ko bere seriea irabazi zuen (1:01.62 s) eta bere marka pertsonala hobetu zuen. Maialen Cenarruzabeitia-k, bestalde, 60 metro hesietan hartu zuen parte, bere serieko 4. izanik 9.58 segundurekin eta bere marka pertsonala hobetuz.

 

Euskadiko Master Txapelketa

Atzo, otsailak 8, Euskadiko Master Txapelketa jokatu zen toki berean, Klub Deportiboko Marcos Untzetabarrenetxearen eta Roberto Gartziaren parte-hartzearekin.

Untzetabarrenetxeak 5. amaitu zuen 800 m-ko proban (2:27.79), bere markarik onena lortuz, eta Roberto Gartzia 9. izan zen 3.000 m-ko proban (10:19.18).