Aniztasun funtzionala duten gazteentzat sormen eta mugimendu saioa egingo dute domekan Portalean

Aniztasun funtzionala duten gazteentzat sormen eta mugimendu saioa egingo dute domekan Portalean
2023/09/22 13:15
eta kitto!
Aniztasun funtzionala duten gazteentzat sormen eta mugimendu saioak eskaintzen dituen BASH Kooperatibaren eskutik, domekan (hilak 24) saioa egingo dute Portalean, 11:00etatik 13:00era, eta partaide berriak gonbidatu nahi dituzte “ondo pasatzera”. Eibar Mugimenduan programaren barruan, izena emateko asociacionbash@gmail.com helbidera idatzi edo 688819611 telefono zenbakira deitu daiteke.

Azaldu dutenez, “gure helburua ikaskuntza eta garapen pertsonalerako espazio segurua sortzea da. Hiru urte daramatzagu Eibarko Udalarekin lanean, eta pozik gaude uda ostean Eibar Mugimenduan programari jarraipena emateko”. 2018an Arrasaten martxan jarri zuten BASH taldekoek pertsonengan eta bakoitzak duen talentuan sinesten dute. Horregatik, sormena eta mugimendua sortuz, aniztasun funtzionala dutenentzako saioak eskaintzen dituzte. 2021ean egin zuten lehenengoa Eibarren, eta iazko otsailean apustu sendoago batekin etorri ziren: ‘Eibar mugimenduan’.

BASH-etik diotenez, "aniztasun funtzionala duten gazteentzat espazioak transformatu nahi genituen, gure esperientziatik eta ikuspuntutik ikusten genuelako transformazio horrek ondo egin ahal ziela. Ez bakarrik maila pertsonalean, baita talde-lanari dagokionean ere". Horretarako, hiru lerro markatu zituzten: "Batetik, ikastolen barruan, ZIG (Zeregin Ikaskuntza Gela) geletan; Eibarko ZIG eskolan ere bagaude. Bigarrenik, aisialdirako ematen ditugunak daude, udalen bitartez bideratzen ditugun espazioak: bi orduko saioak izaten dira eta aniztasun funtzionala duten gazteekin mugimendua eta sormena lantzen ditugu. Eta hirugarrenik, kirol elkarteekin gabiltza lanean ekitaldi puntualetan".

"Eibar mugimenduan"
Domekako saioaren inguruan, eta antolatzaileek diotenez, "mugimenduaren bidez, eta gorputza ardatz hartuta, jokoen eta dantzen bidez landuko duguna sormenari lotuta egongo da, beti ere bakoitzari jokatzeko aukera eskainiz; horregatik moldatzen ditugu dinamika guztiak bakoitzaren ezaugarrietara".

Udalarekin adostutako akordioari jarraituta, "Eibar mugimenduan" proiektuak indarrean jarraitzen du, hilero saioak antolatuz. Orain dela bi urtetik hona daramaten martxarekin "pozarren" daude BASH taldekoak: "Egia esan, jende berdinarekin egiten dugu lan, eurekin osatutako whatsapp taldea aprobetxatuz. Primeran egokitu gara euren prozesu eta beharrei, eta talde moduan zein indibidualki landutako helburuak betetzen dihardugu". Hala ere, jende berriari ere irekita daude ekimenarekin aurrera jarraitzeko bidean.