Sozialisten Udal Aurrekontuaren zirriborroari 33 proposamen aurkeztu dizkio EH Bilduk

Sozialisten Udal Aurrekontuaren zirriborroari 33 proposamen aurkeztu dizkio EH Bilduk
2021/12/23 09:05
eta kitto!
Atzo goizean Bilgunean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, EH Bilduk Osoko Zuzenketa eta 3,5 milioi euroko balioa duten 33 emendakin partzial erregistratu ditu. Gorka Errasti taldeko bozeramaileak esandakoaren arabera, kultura eta sormena, aisialdia eta herriko eragileak, hirigintza eta irisgarritasuna, landa eremua eta lehen sektorea, garapen ekonomikoa, parte-hartzea eta udal langileria dira EH Bilduk azpimarratu nahi izan dituen gaiak.

Errastiren berbetan, “42.300.000 euro inguruko aurrekontu zirriborroa aurkeztu du PSEk datorren 2022rako, 2021ekoa baino %10 handiagoa. Hirigintza eta batez ere Obra saileko aurrekontuetan berpizte bat planteatu dute. Irisgarritasunean, obra txikietan, asfaltatzeetan edo eta mota askotako ikerketa eta proiektuetan igoera handiak aurreikusi ditu PSEren udal gobernuak. Deigarria da ere eskailara eta igogailuen mantenimendurako partida milioi erdian estankatuta geratzea, karga handia udal kutxentzat”.

Horrekin batera, azken urteotan lau urterik behin errepikatzen den praktika berriz datorrela ohartarazi zuen: “Udal hauteskundeak gerturatu ahala, mantenimendu orokorrean, hiri altzaritzan, parkeetan eta lorategietan, hau da, estetika hutsalean inbertsioak handitzea planteatzen da. Gure ustez atentzio berezia jarri zaie auzo konkretu batzuetako obrei, beste batzuk bidean uzten diren bitartean”.

Kritikekin jarraituta, azpikontratazio maila ere “oso altua” dela irizten diote, “azken urteetakoa errepikatuta. Hainbat garbiketa-lan, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo eta hezitzaileen zerbitzuek gorakada nabarmena izango dute. Enpresa pribatuei esleituko zaizkie kontratu guzti hauek. Gainera, alderdi politikoentzako dirulaguntzetan eta zinegotzion dietentzat ere dirutza bideratzea planteatzen da. EH Bilduk azken bi partida hauek erdira jaistea proposatu du. Dietak jaisteaz gain, bi dieta mota sortzea proposatu dugu, ohikoa edo presentziala batetik, eta online dieta bestetik, ez daukalako zentzurik udalera batzordeetara mugitzeagatik konpentsazio bat jasotzean jarraitzea mugimendu hori desagertu denean”.

Aipatutakoekin batera, deigarriak egiten zaizkien beste gauza batzuk ere badaudela gaineratu zuen Errastik, “oraingoan, baina, zentzu onean”. Nabarmendu zuenez, “pozgarria da Ingurumen sailak aurrekontuetan izango duen hazkundea. Ia laukoiztu egingo da aurrekontua. Bazen garaia ingurumenaren zaintzari dagokion garrantzia emateko. Gainera, EH Bilduk aspaldi eskatu bezela, landa eremuan lur pribatuak erosteko partida edo eta jabegoekin erabilera hitzarmenak egin ahal izateko beste partida bat gehitu dira. Kuriosoa, iaz EH Bilduri proposamena atzera bota baina aurten beraien aurrekontu proposamenean jasotzea”.

Bestalde, ekialdea biziberritzeko EH Bildu eta PSEren akordioan jasota dauden “ekintzarik sozialenak” ere 2022an martxan jarriko direla nabarmendu zuten agerraldian: “Lan aktibazio eta orientaziorako udal enplegu bulegoa martxan jarriko da; Azitain-Barrena inguruko gertuko komertzio txikia biziberritzeko ekintzak ere indarrean jarriko dira; eta Barakaldo eta Barrena kaleetako haur parkeak bertako haur, familia eta hezkuntza eragileen bitartez diseinatzeko parte-hartze prozesu integralak ere egingo dira”.

Osoko zuzenketarekin batera PSEren 2022ko aurrekontu zirriborroari proposatutako 33 emendakin partzialak (ia 3,5 milioi euroko balioa dutenak), jarraian irakur ditzakezue, zazpi bloketan banatuta:

KULTURA ETA SORMENA




  1. REGENERART Eibarko Kaleko Arte Festibala sortzea: 50.000€/urtean Baiona, Zaragoza, Reus, Tutera, Ordes, Estepona, Morlaix, Saint Brieuc… hamaika eredu daude Euskal Herrian, Espainia eta Frantziako estatuetan. Urteroko kaleko arte festibala antolatzea proposatzen dugu. Artearen bitartez hiria zaharberritzea eta degradatuta dauden hiriko zonaldeak birgaitzea dira ekimenaren helburuak. Festibalak gainera, urtean hainbat fatxada atontzeaz gain, gainerako ekintzak izango lituzke: musika emanaldiak, hitzaldiak, etab.

  2. EIBAR ENTZUN! Musika lehiaketa sortzea: 80.000€/urtean Proiektu kulturala da, artista musikalak bilatu eta promozionatu, industria musikalarekin lehen hartu emana erraztu eta orohar, sormen eta kultura musikala bultzatzeko asmoa duena. Horretarako, Euskal Herriko talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa antolatuko da urtean behin, Eibartik datozen proiektuei ere arreta eta babes berezia emango diena. Jokoan egon daitezkeen sarien artean: disko profesional baten grabazioa, arrakasta handiko talde erreferente batekin batera Eibarko Udalak ekimen honen baitan antolatuko duen jaialdian jotzeko aukera, etab.

  3. ERREBAL PLAZIAko zonalde soziokulturaleko parke estaliko akustika konpontzea: 100.000€ Kexa asko jaso dira Errebal Plaziako zonalde soziokulturaleko parke estaliak duen akustika txarragatik, batez ere, bertan antzeztu edo eta musika jo duten artista eta soinu teknikariengandik eta nola ez, publiko bezala gerturatu diren eibartarrengandik. Errebal Plazia kulturaren polo berria izatea nahi baldin badugu ezinbestekoa da parke estaliko akustika asko hobetzea eta konpontzea.

  4. TXONTA auzoko tailer huts batetan UDAL ARTE ESKOLA kokatzeko bideragarritasun proiektua idaztea: 15.000€ Eibar bezalako hiri batek Arte Eskola bat merezi du, kultur etxetik berezita eta bere entitate propioa izango duena. Arte Eskola kokatzeko toki aproposena Txonta auzoa dela uste dugu. Arte Eskolak, indarrean dauden marrazki, zeramika eta musika ikasketez gain, dantza, antzerki, bertsolaritza, hitza eta txikientzako ikasketa multidisziplinarrak eskainiko lituzke. Jakin badakigu, anbizio handiko proiektua dela, horregatik lehenik eta behin, Txonta auzoko tailer huts batetan Arte Eskola irekitzeko bideragarritasun proiektua idaztea proposatzen dugu. Rokandio tailerra izan daiteke aukera bat, baina auzoko tailer huts egoki bat identifikatu eta bertan bideragarritasun proiektua egiteko prest gaude.

  5. Kultur eta aisialdirako ekintzak landa auzoetara zabaltzea: 30.000€ Eibar hirigunea baino askoz gehiago da. Askotan urteko kudeaketan udalak ahaztu egiten ditu landa eremuko auzoak, zer esanik ez kultur eta aisialdirako ekintzak antolatzerako orduan. Urteko aisialdirako eta kultur ekintza eta emanaldiak landa auzoetan ere programatzea proposatzen dugu, auzo hauetara ere kulturaz gozatzeko eskubidea gerturatzeko helburuarekin.


AISIALDIA ETA HERRIKO ERAGILEAK

  1. IPURUAKO AUZO ETXEA behingoz martxan jartzea: 100.000€ Ipuruako Merkatu Plaza zaharra Auzo Etxean bilakatzeko parte-hartze prozesua aspaldi bukatu zen eta oraindik ez dira aurrera eraman bertan jasotako ondorio eta proposamenak. Nahiz eta sortutako auzo mugimenduak hamaika eskaera egin dituen, udalak ez ditu aurrera eraman eraikinak behar dituen atontze lanak modu duinean auzo etxea martxan jartzeko.

  2. HAUR PARKEAK ESTALTZEA: Amañakoa (Berdintasunaren pasealekukoa), Urkizuko parkekoa eta Zuloagatarren kalekoak: 100.000€ Familia eibartarren eskaera historikoa da haur parkeak estaltzea. Eibarren parke estalien gabezia oso agerikoa da. Hiru haur parke horiek estaltzea planteatzen dugu.

  3. HERRIKO ERAGILEENTZAKO LOKALAK, BULEGOAK ETA BATZARTOKIAK jasoko dituen eraikinaren bideragarritasun proiektua: 20.000€ Eibarko elkarteen mugimendua oso aberatsa da, kopuruan zein antolatzen dituzten ekintzetan. Hiriko bizitza asko aberasten dute. Zailtasun orokortua da ordea, elkarte hauek biltzeko eta lokalak izateko dituzten zailtasunak. Gutxi batzuk lortu izan dituzte urte hauetan, baina asko dira oraindik batzartoki horik behar dituztenak. Horretarako, hiriko tailer huts bat identifikatu eta bertan Eibarko elkarteentzako lokalak, bulegoak eta batzartokiak sortu eta kokatzeko bideragarritasun proiektua egitea planteatzen dugu, askok azaldu duten behar honi erantzuteko helburuarekin.

  4. Hilerria tamainaz txikitu eta URKIN AISIALDIRAKO GUNE BERRIA sortzea: 800.000€ Urteak dira hilerriaren erabilera asko aldatu dela. Adibidez, 3700 nitxoetatik 1800 hutsik daude gaur egun. Urteak dira ere, udalak urtero urtero 50.000-60.000€ hilerrian obra txikiak egitera bideratzen dituela, inongo etekinik atera gabe. Ordua da beraz, hilerria tamainaz txikitzeko eta aisialdirako gunerik ez duen Urki auzoan aisialdirako gune berri duin bat sortzeko. Horretarako, hilerria txikitzeko, aisialdirako gune berria sortzeko eta proiektu berrian aparkalekuak kokatzeko aukerak aztertuko dituen proiektua egin, eta gero, obra gauzatzea planteatzen dugu.


HIRIGINTZA ETA IRISGARRITASUNA

  1. TXONTA KALEKO ESPALOIA KONPONDU ETA ZABALDU eta kaleko kotxeak kendu ahal izateko TXONTA 19AN APARKALEKUA SORTZEA: 100.000€ Txonta kaleko espaloia oso estua da eta espaloia konpondu eta zabaltzea auzotarren eskaera da. Kotxe gutxi batzuk aparkatzeko aukera dago kale horretan. Espaloia zabaldu ahal izateko kotxeak kaletik kentzea komenigarria da. Horretarako, Txonta 19an aparkalekua sortzea planteatzen dugu.

  2. TXONTA AUZOKO GAC tailerrean auzoko efizientzia energetikoa bultzatuko duen DISTRICT HEATING SISTEMA kokatzeko bideragarritasun proiektua idaztea: 15.000€ Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen auzoen azken zaharberritzeetan, auzo horietan efizientzia energetikoa sustatzeko sistemak jarri ditu martxan, District Heating delakoa, adibidez. Txonta auzoaren zaharberritzean ordea, ez du horrelako sistemarik gehitu. Auzoa gai honetan ere berritzailea eta erreferentea izan dadin, sistema hori kokatzeko bideragarritasun proiektua idaztea planteatzen dugu. Sistema GAC enpresa izandakoaren eraikinean kokatzea proposatzen dugu.

  3. BIDEBARRIETA KALEARI KOEXISTENTZIA itxura ematea: 300.000€ Gero eta gune gehiago daude koexistentzia itxura dituztenak, Eibarko hirigunean batez ere. Estetikoki laguntzeaz gain, komertzio txikia sustatzeko baliagarria den itxura aldaketa da. Koexistentzia gune gero eta zabalagoak izateko helburuarekin, Bidebarrieta kaleari itxura aldaketa egitea planteatzen dugu. Hain zuzen ere, San Andres eliza paretik hasi eta Urtzaileko bidegurutzeraino.

  4. SAN JUAN KALEKO ATZEALDEA KONPONTZEA: 100.000€ Urteak dira San Juan kaleko atzealdeak premiazko konponketa baten beharra duela. Hainbat alditan eskatu du ere EH Bilduk. Berdintasunaren pasealekuak egunean erabiltzaile pila bat ditu, Ardantza kalea eta Amaña bitartean oinez ibiltzen direnak. San Juan kaleko atzealde hau, San Juan eta Mekola bitartean dagoena, zati arriskutsua da, irristakorra eta zuloz betetakoa. Behingoz konpontzea planteatzen dugu.

  5. URKI AUZOAN IGOGAILU BERRI BAT kokatzeko proiektua idaztea: 30.000€ Irisgarritasun planean argi dago jasota. Urki auzoko irisgarritasun bertikala parte handi batetan konpondutzat eman ahal izateko, igogailu berri baten beharra dago. Sansaburu kalea eta Urki kaleko kota altuena lotuko lituzkeen igogailu berria izango litzateke, Arrateko Andra Mariko eskolan ere geraleku batekin. Igogailua egin ahal izateko bideragarritasun proiektua idaztea planteatzen dugu.

  6. ESKILARA MEKANIKOAK IGOGAILUENGATIK ALDATZEKO PLANA idaztea: 15.000€ Irisgarritasun planean ere gomendio argia dago jasota: udalak eskilara mekanikoak igogailuengatik aldatu beharko lituzkela. Eskilara mekanikoek ez dituzte irisgarritasun arazoak guztiz konpontzen. Igogailuek askoz hobeto bermatzen dute irisgarritasun hori, igo eta jaisteko aukera ematen dutelako, besteak beste. Gainera, eskilara mekanikoen mantenimendua igogailuena baino askoz garestiagoa da, honek udaleko diru kutxarentzat suposatzen duenarekin. Beraz, eskilara mekanikoak igogailuengatik aldatzeko plana idaztea proposatzen dugu, lehentasunak markatuko dituen aldaketa kronogramarekin.

  7. MIRASOL ETXERA SARBIDEA KONPONTZEA: 80.000€ Mirasol etxea Egogain egoitzaren atzealdean kokatuta dago. Bertarako sarbidea oso korapilatsua da eta bertan bizi diren bizilagunek azken urteotan askotan eskatu dute sarbidea konpontzeko premia. Segurtasuna hobetzeko, anbulantziak etxeraino heldu ahal izateko etab.


LANDA EREMUA ETA LEHEN SEKTOREA

  1. Eibarko lehen sektoreak biltzen dituen EKOIZLEAK ETA HAUEN PRODUKTUAK EZAGUTARAZTEKO GIDA EDITATZEA: 6.000€ Eibarko lehen sektoreko ekoizleak eta hauek ekoiztu eta saltzen dituzten produktu sorta ezagutarazteko gida bat editatzea beharrezkoa dela uste dugu. Informazio hori zabaldu beharra dagoela uste dugu, herrian dugun lehen sektorea balorean jarri eta indartzeko. Gida paperean eta online formatuan editatzea planteatzen dugu.

  2. LANDA EREMU ETA AUZOETARA GARRAIO PUBLIKOA GERTURATZEKO AZTERKETA egitea: 10.000€ Landa auzoetan bizi diren bizilagunek askotan azaldu duten beharra da garraio publikoaren azterketa egitea. Udal garraio publikoa ez da eraginkorra landa auzoetako bizilagunentzat eta azterketa baten beharrean dagoela uste dugu, landa auzotarrei ere merezi duten zerbitzua eskaini ahal izateko, garraio publikoan gabeziak konpondu eta zerbitzua hobetze aldera.

  3. ELIKADURA SUBIRANOTASUNA, LEHEN SEKTOREA INDARTU ETA ERRELEBO GENERAZIONALA BULTZATUKO DITUEN AZTERKETA egitea eta honek HAPO berrian isla izatea: 15.000€ Eibarko landa eremuko lurren erabilera aztertzea du helburu lanketa honek. Lurren erabilera zehaztea, zenbat lur bideratzen diren elikagaien ekoizpenera eta elikagaiak ekoizteko lur gaitasunaren azterketak jasoko lituzke. Ikerketa honek elikadura subiranotasuna ardatz, lehen sektorea indartuko eta sektore horretan hain premiazkoa den errelebo generazionala sustatuko luke. Ordua da, lehen sektorea ekonomikoaren beste hanka bat bezala aintza hartzeko. Gainera, azterketa horren emaitzak berritzen ari den HAPOan isla izan beharko luke.

  4. GIZARTE ZERBITZUAK LANDA AUZOETARA GERTURATZEA: 5.000€ Landa auzoetako bizilagunak udal Gizarte Zerbitzuetatik oso urruti daude eta ezjakintasuna handia da. Ez dituzte ezagutzen udalak, zein beste administrazioek, eskaini ahal dituzten gizarte zerbitzuak. Informazioa zabaltzeko, gizarte zerbitzuei buruzko hitzaldi sorta antolatzea proposatzen dugu. Gainera, landa auzoetako errealitatea ezagutzera emateko, Gizarte Zerbitzuetako profesionalei ere (gizarte langileak, etxez etxeko laguntzako profesionalak, etab) formakuntza berezia eskaintzea ere proposatzen dugu.

  5. GURDI BIDEEN LANKETA ETA INBENTARIOA: 6.000€ Eibarko Gurdi Bideak balorean jartzea eta hauen inguruko lanketa eta inbentarioa egitea planteatzen dugu. Egoibarra sailetik egitea proposatzen dugu.

  6. EMAKUME BASERRITARRA AHALDUNTZEKO PROGRAMA martxan jartzea: 20.000€ Lan handia egiten dute udaleko Berdintasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak emakumeen ahalduntzearen inguruan. Baina emakumen baserritarraren ahalduntzeak arreta berezia merezi duela ere uste dugu. Andirao Elkartearen helburuetako bat da ere, emakumen baserritarraren ahalduntzean sakontzea. Gauzak horrela, formakuntza, hitzaldiak eta informazio saioak antolatu ahal izateko partida bat sortzea planteatzen dugu.

  7. Landa auzoetako PISTAK KONPONTZEKO PARTIDA HANDITZEA: 400.000€ Urteak dira udalak 100.000€ko partida bideratzen duela landa eremuko pistak konpontzeko. Aurten, 125.000€ planteatzen dira. Pista guztiak ganoraz konpondu ahal izateko ordea, askoz diru gehiago bideratzea beharrezkoa da. Andirao Elkarteak pisten konponketen gaineko lanketa zehatza egin berri du. Lanketa horretan, pista guztiak konpontzea 1.700.000€ inguruko aurrekontua du. Beraz, aurten 400.000€ bideratzea proposatzen dugu. Gainera, hurrengo 4 ekitaldietan ere urtean 400.000€ bideratzeko konpromisoa jasotzea nahi dugu, pista guztiak konpondu ahal izateko eta hurrengo urteetan esfortzuak pista horien mantenimendurako izateko.


GARAPEN EKONOMIKOA

  1. Osasun pandemia garaian sortu diren negozio eta enpresa berriei dirulaguntza zuzena martxan jartzea: 100.000€ Azken bi urteetan udalak Covidaren osasun pandemiak eragindako krisialdi ekonomikoari aurre egiteko eta sektore kaltetuei laguntzeko Talka Planak bideratu ditu. Osasun pandemia honetan ireki berri diren negozio eta enpresa berriak ordea hainbat dirulaguntzatik kanpo geratu dira. Gauzak horrela, enpresa berri horiek ere udalangandik keinu eta arreta berezi bat merezi dutela uste dugu, egoera larri honetan negozio berriak sortzeko ausardia izan dutelako.

  2. Langileria kontratatuta duten irabazirik gabeko entitatei dirulaguntza berezia martxan jartzea: 100.000€ Irabazirik gabeko entitate hauek ez dute enpresa izaera eta osasun larrialdiak ekarritako krisiari aurre egiteko dirulaguntzetatik kanpo geratu dira. Entitate horietako askok ordea, langileria dute kontratatuta. Une larriak bizi izan dituzte azken bi urte hauetan, askok entitatea finantziatzeko antolatzen dituzten ekintzak bertan behera utzi behar izan dituztelako. Gauzak horrela, langileria kontratatuta duten irabazirik gabeko entitateei dirulaguntza berezia martxan jartzea planteatzen dugu, udalangandik begirune bat merezi dutelako ere.


PARTE-HARTZEA

  1. AURREKONTU PARTE-HARTZAILEAK martxan jartzea: 815.000€ Auzokako aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzeko saiakera bakarra egin zuen Udal Gobernuak 2018an. Geroztik ez da auzokako aurrekontu parte-hartzaileen arrastorik egon aurrekontuetan. Jakin badakigu, hainbat arrazoiengatik esperientzia txarra izan zela lehen saiakera hura. Lau urte beranduago, ordua da esperientziari buelta bat eman, prozesu parte-hartzaileak berreskuratu eta aurrekontuetan urtero egonkortzeko. Auzokako aurrekontu parte-hartzaileetarako 800.000€ bideratzeaz gain, beste 15.000€ prozesu parte-hartzaileen dinamizazioa kontratatzeko planteatzen ditugu, hainbat udaletan arrakastaz egiten den bezala.


BESTELAKO KONPROMISOAK

  1. EIBARKO KULTURA MAHAIA SORTZEA Hainbat eragileen koordinazioa eta elkarlana bultzatuko duen guztiz beharrezkoa den mahaia.

  2. KARMEN ELIZAKO PARKEAN MEMORIAREN MONOLITOA KOKATZEA Horrela adostu genuen Eibarko Memoria taldeak erregistratu zuen eskaera jarraituz, baina oraindik ez da gauzatu.


Bestelako konpromiso sorta hauetan ere udal langileriarekin zerikusia duten eskaerak erregistratu ditugu, garrantzitsua delako hainbat teknikariren kontratazioa bultzatzea udal politika eraginkorrak martxan jarri ahal izateko. Hauek dira EH Bildurentzat ezinbestekoak:

  1. UDALTZAINGOA EGONKORTZEKO ETA EIBARKO LAN POLTSA SORTZEKO HAUTAKETA PROZESU PROPIOA EGITEA

  2. BERDINTASUN TEKNIKARI BERRI BAT kontratatzeko hautaketa prozesua hastea

  3. KIROL TEKNIKARIA kontratatzeko hautaketa prozesua hastea

  4. PERTSONA NAGUSIEN TEKNIKARIA kontratatzeko hautaketa prozesua hastea

  5. HEZKUNTZA TEKNIKARIA kontratatzeko hautaketa prozesua hastea