Sportek Hub-ek kirol-arloko proiektuen hirugarren edizioaren deialdia egin du

Sportek Hub ekimena Eibarko eta Donostiako Udalek, SD Eibar eta Real Sociedad fundazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmo bat da. Interesa duten pertsonek eta startupek beren proposamenak aurkez ditzakete uztailaren 17a baino lehen.
Sportek Hub-ek kirol-arloko proiektuen hirugarren edizioaren deialdia egin du
2024/07/12 12:22
eta kitto!

Une honetan abian da kirol arloko soluzio teknologiko berritzaileak eskaintzen dituzten ekintzaile eta startupentzako deialdiaren hirugarren edizioa. Sportek Hub ekimena Eibarko eta Donostiako Udalek, SD Eibar eta Real Sociedad fundazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmo bat da. Interesa duten pertsonek eta startupek beren proposamenak aurkez ditzakete uztailaren 17a baino lehen. Gipuzkoako kirol-ekosisteman ardaztutako ekimen honen helburua da proposamen berriak garatzea hainbat arlotan, hala nola kirol digitalean, osasunean, nutrizioan eta ongizatean, kirol gune adimentsuetan, management-ean eta material berrietan.

Sportek Hub kontsolidatzen ari da kirol-industrian berrikuntza eta teknologia bultzatzeko erreferente gisa. Ekimena 2021ean jarri zen martxan, eta balio erantsi handiko kirol-industria bultzatzeko helburuarekin lan egiten du. Horretarako, kirol-industriako eragile guztiak (enpresak, ekintzaileak, I+G+b eragileak, azelerazioa eta inbertsioa) lotzen dituen espazio bat sortu du. 

Parte-hartzaileek 60.000 € bitarteko laguntza eta finantzaketa jaso dezakete, BIC Gipuzkoako Ekintzaile eta Txekintek ekintzailetza-programen bidez. Fintzaketaz gain, Sportek Hub-ek proiektuei sustapena eta ikusgarritasuna eskaintzen die, industriarekiko eta berrikuntzako eragileekiko loturak eta baita onura gehigarri batzuk ere, hala nola: negozioaren plangintza estrategikorako aholkularitza, mentoretza espezializatua, lankidetza-aukerak Venture Client proposamenaren pean, MVP baliozkotzeko eta probatzeko lab-laborategiak, coworking-guneak eta haztegi espezializatuak, enpresa-kudeaketako prestakuntza eta finantzazioaren kudeaketarako laguntza.

Sportek Hub-ak garapen- edo merkaturatze-fasean dauden startupak bilatzen ditu, jarduera fisikoaren eta kirolaren sektorerako soluzio teknologikoak aurkezten dituztenak, edo beste industria batzuetatik sektore horretara egokitu nahi dituztenak. Era berean, ideia disruptiboak izan eta kirolaren eta jarduera fisikoaren industriaren etorkizuneko beharrak ase ditzaketen ekintzaileei zuzenduta dago.

Proposamenak 2024ko uztailaren 17a baino lehen aurkeztu behar dira webgune honen bidez: www.sportekhub.eus

 

Sportek Hub-ek sustatzen dituen beste jarduera batzuk

Ekintzaileen eta startupen deialdiaz gain, Sportek Hub hainbat ekimenetan ari da lanean.

2023an eta aurten ere, Sportek Hub-en helburuetako bat da martxan jarri zenetik sortzen joan den komunitatea finkatzea. Komunitate horrek I+G+Bko eragileak biltzen ditu, esaterako BRTA eta Euskal Herriko unibertsitateak, garapen-maila desberdineko startupak, dagoeneko finkatuta dauden sektoreko enpresak, kirol-klubak, sektoreko inbertitzaileak eta beste leku edo espezializazio-arlo batzuetako Hubak. Era berean, ahalegin berezia egin da sektorean esperientzia handia duten lehen mailako mentoreen sare bat sortzeko, beharrezkoak diren gaietan eragileei laguntzeko.

2023an, halaber, Hub-ak deialdi bat egin zuen, sport-tech eremuan beren teknologien eta ezagutza-arloen merkataritza-aukerak aztertzeko interesa duten ikertzaile eta ikerketa-taldeentzat. 8 proposamen aurkeztu ziren eta Deustuko Unibertsitateko Igor Sanchok egindakoa hautatu zen, orkatilako muskulatura flexorea ebaluatzeko eta indartzeko makina batean oinarritutako proiektua hain zuzen. Proiektu honek 15.000 euroko dirulaguntza jaso zuen bere teknologiaren aukera komertzialak garatzeko.  

Urte berean, Real Sociedad fundazioak erronka bat planteatu zuen sektoreko startupentzat, honetan zetzana: ariketak esleitzeko eta horien jarraipena egiteko plataforma bat sortzea, talde gipuzkoarreko futbolarien plangintza kudeatzeko gai izango zena. Kasu honetan, 6 startup aurkeztu ziren eta irabazlea Eibarko inkubagailu teknologikoan kokatutako Wellk Software Solutions enpresa izan zen. Enpresa horrek 15.000 euro jaso zituen MVP bat garatzeko Real Sociedad fundazioarekin lankidetzan.

2023ko amaierara arte, Hub-ak 15 proiekturi eman die laguntza, Ekintzaile eta Txekintek programen hainbat ediziotan: FIT, Voon Sport, Ekhaitek, Owngrip, Yekar, Neuros,  Bikingo, Naw, OriaSport, FLF, DNAk, Kirolgraf-G93, Sport Tracking, Wellk, eta Abian Pro.

1) Teknologia jarduera fisikoaren eta kirolaren industriaren zerbitzura; 2) Berrikuntza futbolean: etorkizunera begira; 3) Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta tokiko garapena.

Ekimen horiek guztiek, 2024an ere jarraitzen dutenak, ekosistema bat sortzea bilatzen dute espezializazio teknologiko eta berrikuntza handiko kirol-industria garatzen lagunduko duena, eta Eibarko eta Gipuzkoako ekonomia garatzeko motorra izango dena.