Süne, Seguridad Social eta Shirley Davies etorriko dira aurtengo San Juan jaiei musika ipintzera

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan eman dituzte ezagutzera Eibarko Udalak San Juan jaietara begira antolatu dituen kontzertuak Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kulturako zinegotziak eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak.
Süne, Seguridad Social eta Shirley Davies etorriko dira aurtengo San Juan jaiei musika ipintzera
2025/04/01 12:22
eta kitto!

Azken urteotako martxan, sanjuanen aurreko asteburuan egingo dira jaietako kontzertu nagusiak, hau da, ekainaren 20an (barixakua), 21ean (zapatua) eta 22an (domeka). Barixakuan Süne arituko da, “oraindik esan ez daitekeen Eibarko beste talde batekin”. Esan dutenez, kontzertu hau lotuta zutela batek baino gehiagok proposatu die Süne ekartzea, “baina guk ezin genuen ezer esan”. Huntza taldean aritzeagatik ezagun egin zen Josune Arakistain Salas (Lastur, 1996) trikitilariaren bakarkako proiektua da Süne eta gazteen artean jarraitzaile asko dauzka.
Zapatuan, berriz, Seguridad Social, berrogei urtetik gorako ibilbidea duen taldeak emango du kontzertua. Ez da gure herrian joko duten lehen aldia, Patxi Lejardik esan duenez, 1992an ere Eibarren jo zuten eta. Valentzian sortu zen Seguridad Social, 1982an, eta taldea Movida Madrileña eta espainiar rockaren erreferente bat izan zen. Bereak dira, besteak beste, Chiquilla, Quiero tener tu presencia eta Comeranas bezalako kantu ezagunak. 
Eta domeka girotzeko “pixkat lasaiagoa” den kontzertua antolatu dute: egun horretan “souleko erregina berria” den Shirley Davies arituko da.

Alkateak esan duenez, herritarrek proposatu dituzten beste kontzertu asko, nahita ere, ezin daitezke antolatu "bakarrik hiriburuetan jotzen dutelako, edo agenda beteta daukatelako, edo eskatzen dutena ordaintzeko modurik ez dagoelako". Andoni Zabalak modu berezian eskertu nahi izan du Kulturatik egin duten lana, “askotan horrelako kontzertuak lotzea ez delako bat ere erreza izaten, oso ondo egin dute lan”.